27 JUL. 2023 Gaur X urte 72 urte bete ditu gaur Bernardo Atxaga idazle eta euskaltzainak 1953ko uztailaren 27an jaio zen Joseba Irazu Garmendia, Bernardo Atxaga goitizenaz ezaguna egin den euskal idazlea eta euskaltzaina. Bernardo Atxaga, ‘Kilker bat autopistan’ liburuaren aurkezpenean, Iruñean. (Iñigo URIZ/FOKU) GAUR8 Bernardo Atxaga idazleak gaur 72 urte bete ditu. 1953ko uztailaren 27an Asteasun jaio zen Joseba Irazu Garmendia, urte batzuk geroago «Bernardo Atxaga» goitizenaz bere obrak sinatuko zituena. Euskal literaturaren egilerik adierazgarrienetako bat da, eta 2007an euskaltzain oso izendatu zuten. 17 urterekin hasi zen idazten, eta 27 urterekin beste jarduera batzuk alde batera uztea erabaki zuen, bere denbora guztia horretan emateko, berarentzat literatura entretenigarria izan ez zitekeelakoan. Bere lehen euskarazko lana 1972an argitaratu zuen, Gabriel Aresti poetak ‘Euskal Literatura 72’ izenburuarekin bultzatutako hainbat euskal egileren lanen bilduman. Argitaratu zuen lehen lana ‘Ziutateaz’ eleberri abangoardista izan zen. Bederatzi urte beranduago, ‘Bi anai’ liburua eman zuen argitara, eta lan horrengatik narratibaren Kritikaren Saria eman zioten. Ondoren, sari berdina irabazi zuen 1989ko martxoan, 1988an argitaratutako ‘Obabakoak’ eleberriagatik. Halaber, haur eta gazte literaturako 25 liburu baino gehiago argitaratu ditu, eta hainbat irrati-eleberri eta antzezlan idatzi ditu. Bernardo Atxaga euskal idazlerik esanguratsuenetako bat bihurtu da, eta haur eta euskara ikasleentzat ezinbesteko irakurketa dira bere ipuinak. Bere olerki batzuk euskal musikariek abestu dituzte eta telebistako hainbat saiotan kolaboratu du. Abangoardien eta errealismo magikoaren artean, naturak protagonismo handia du bere lanetan, eta bertako pertsonaiak Euskal Herriko jendea izaten dira, paisaia horri eta gure garaiko gizarte-baldintzei aurre egiten dietenak.