GAUR8 - mila leiho zabalik

Lau milioi euro emango dio EBk Ikerbasqueri bost urtetan 30 ikertzaile kontratatzeko

Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioak lau milioi euro jaso ditu Europako Batzordetik hurrengo bost urteetan 30 ikertzaile kontratatzeko. Europako ekimen onenen artean kokatu dute euskal zentroak garapen zientifikorako aurkeztutako proposamena.

Ikerbasqueren ikertzaile bat lanean, artxiboko irudian (Jon URBE | FOKU)

Europako Batzordeak lau milioi euro emango dizkio Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazioari datozen bost urteetan 30 ikertzaileren kontratazioa finantzatzeko. Nazioarteko zientzialarien komunitateari zuzenduta, esperientzia zabala duten jakintza arlo guztietako ikertzaileak izango dira, eta EAEn garatuko dute ikerketa jarduna. Ikerbasquek zehaztu du arreta berezia emango diola emakumeak kontratatzeari.

Zientziaren Euskal Fundaziotik nabarmendu dutenez, Europako Batzordeak aintzakotzat hartu du EAEk nazioarte mailako ezagutza eta ikerketarako polotzat duen posizionamendua indartzeko Ikerbasquek 2007tik egin duen lana, ikertzaileak erakartzea xede duen programa hautatu baitu garapen zientifikorako Europako ekimenik onenen artean.

Ikerbasqueren proposamena Europa mailan ondoen baloratutako hamar proposamenen artean dagoela zehaztu dute, zazpigarren postuan, zehazki.

14 zentrotan, jakintza arlo ezberdinetan

Hautatutako ikertzaileek EAEko 24 unibertsitate eta ikerketa zentroetan lan egingo dute, eta medikuntzan, biozientzietan, zientzia kimikoetan, matematikan, fisikan, teknologian, ingurumen zientzietan, ekonomian, hizkuntzalaritzan, psikologian eta bestelako jakintza arloetan aditutako pertsonak izango dira.

Ikerbasquek aurkeztutako 'SmartBRAIN3' proposamenak ikerketa sustatu eta ikertzaileen jarduera profesionala finkatzeko programa bat zehaztu du, nazioartekotasuna, sektoreartekotasuna eta diziplinartekotasuna ardatz duena, EAEko RIS3 Espezializazio Adimenduneko RIS3 estrategian zein Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Garapen Jasangarrirako Helburuetan eta Europako Batzordearen 'Horizon Europe' programan ezarritako erronkak eta lehentasunak betetzen laguntzeko asmoz.

Fernando Cossio Ikerbasqueko zuzendari zientifikoak nabarmendu duenez, «Europako laguntza hau oso garrantzitsua da, talentua erakartzeko euskal estrategiari ematen dion babesagatik nahiz laguntzari atxikitako munta handiko ekarpen ekonomikoagatik».