GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Juan Mari Jauregi hil zuen ETAk Tolosan gaur duela 23 urte

2000ko uztailaren 28an, ETAk Juan Mari Jauregi akabatu zuen Tolosan, herrian oporretan zegoen bitartean. Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila izan zen 1994 eta 1996 artean.

Maria Jauregi eta Xabier Ezeizabarrena, Gipuzkoako Batzar Nagusietan Juan Mari Jauregiren heriotzaren 20. urtemugan. Atzean, Maixabel Lasa eta Markel Olano dituztela. (Idoia ZABALETA/FOKU)

Gaur 23 urte hil zen Juan Mari Jauregi Gipuzkoako gobernadore zibila ohia, ETAren ekintza baten ondorioz. Erailketa gertatu zenean, Jauregi Txilen bizi zen Aldeasa enpresarako Hego Amerikan lanean eta Tolosan bueltan zegoen oporretan.

1994ko irailaren eta 1996ko maiatzaren artean Gipuzkoako gobernadore zibila izateaz gain, Tolosako Udalean PSEko zinegotzia ere izan zen Jauregi. Gaztetan borroka antifrankistan eta ETAn aritu zen. Erakunde horren VI. Biltzarra ospatu ostean, Jauregi PCE eta CCOO sindikatuaren militante egin zen 1973an. 80ko hamarkadan PSEra pasatu zen.

Juan Mari Jauregiren alarguna da Maixabel Lasa. Maria Jauregi, bere biktima izaeratik elkarbizitzaren aldeko apustu sendoa egin duena, Juan Mariren alaba da. Lasak ibilbide politikoa ere egina du, Lakuako Gobernuaren menpe zenbait kargu betez, hala nola Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko Zuzendaritzaren zuzendaria 2001etik 2012ra arte.

ETAk Jauregi hil eta hamaika urte beranduago, Tolosako atentatua egiteagatik zigortutako Luis Maria Carrasco eta Ibon Etxezarreta ETAkide ohiekin izan zuen bilera Maixabel Lasak. Lehengoratze-topaketa horiek dira Iciar Bollain zuzendariaren ‘Maixabel’ pelikularen ardatz nagusia. Dokumental bat ere osatu zen horrekin 2019an, Jon Sistiagaren ‘ETA, isiltasunaren amaiera’ seriean txertatzeko.