GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaur dira 101 urte Micaela Portilla historialari, antropologo eta pedagogo arabarra jaio zela

Micaela Josefa Portilla Vitoria, XX. mendeko euskal historialari, antropologo eta pedagogo gorenetakoa, gaurko egunez jaio zen duela 101 urte, Gasteizen. Historian eta artean egindako lanaz gain, 1993an bihurtu zen EHUk honoris causa izendatzen zuen aurreneko emakume.

'Micaela Portilla. In Memoriam' omenezko liburua aurkezpena, 2008an. (Juanan RUIZ | FOKU)

1922ko uztailaren 30ean Gasteizen jaio zen Micaela Portilla historialari, antropologo eta pedagogoa.
Historiaren eta artearen iragana arakatzeko etengabeko grinak euskal pertsonaiei eta ondare historikoari buruzko jakinduria ondare izugarria utzi du.

Micaela Josefa Portilla Vitoria (Gasteiz, 1922ko uztailak 30 - 2005eko urriak 8) XX. mendeko euskal historialari, antropologo eta pedagogo gorenetakoa dugu. Azterlan eta argitalpen ugarien egile, nabarmentzekoa da pedagogiaren arloan egin zuen lana, ikerketan eta dibulgazioan egin zuen lanarekin txandakatu zuena.

Historialari gailena izateaz gain, Micaela Portilla dibulgatzaile handia izan zen, bere jakintzak partekatzeko beti prest. Aspaldiko bideak interesatzen zitzaizkion bereziki (bere obran garrantzi handikoak), oraindik zutik dauden baselizak eta desagertutakoak, harginak eta zizelkariak, eta leinuak. Jakituria handiko emakumea zen, ezagutzak transmititzeko ere dohain berezia erakutsi zuena.

Henrike Knörr (1947-2008) EHUko euskal filologiako katedradunaren hitzetan, «harentzat, zientzia, doitasuna eta zehaztasuna, ikerlanaren eskakizunak, azken batean, ez zeuden mundu guztiarengana heltzeko nahiarekin kontraesanean. Justu kontrakoa. Agerikoa zen ezagutza haiek zabaltzeko hark erakutsitako ardura». EHUk honoris causa doktore izendatutako aurreneko emakumea izan zen, 1993an.