16 AGO. 2023 Gaur X urte Bost urte Aretha Franklin gabe Duela bost urte zendu zen Aretha Franklin abeslari estatubatuar ezaguna. ‘Soularen dama’ ezizenaz ezaguna, arrazakeriaren aurkako ikono ere bilakatu zen. Aretha Franklin. (Wikimedia Commons) GAUR8 Aretha Franklin soul, R&B eta gospel abeslari estatubatuarra, gaurko egunez zendu zen duela bost urte. ‘Lady Soul’ (Soularen Dama) edo ‘Queen of soul’ (Soularen Erregina) ezizenez ezaguna, genero horretako ordezkari nagusia izan zen. Rolling Stone aldizkariaren arabera, historiako kantaririk handiena da, eta baita musikaren adierazlerik handiena ere, oro har. 1960ko hamarkadaren erdialdean, soularen emakumezko izar gisa finkatu zen, eta hori Estatu Batuetako arrazakeriaren aurka erabili zuen. 1987an, Rock and Roll Hall of Fame-n sartu zen lehen emakumea izan zen eta 18 Grammy sari jaso zituen guztira. Ama 10 urte zituela hil zitzaion, eta, sexu-abusuen ondorioz, artistak lehen semea 12 urteko neskatoa zela izan zuen, eta bigarrena 14 urterekin. Aitak laster ikusi zuen Franklinen talentua, eta horregatik piano klaseak har zitzan nahi izan zuen, baina hark uko egin zion eta nahiago izan zuen bere kabuz ikasi grabazioen laguntzaz. 1960an, 18 urte zituela, musika karrera sekularrean murgildu zen, Columbia Recordsekin sinatuz, nahiz eta arrakasta apala lortu zuen. 1966an Atlantic Recordsekin sinatu ondoren, Franklinek arrakasta komertziala lortu zuen ‘Respect’, ‘Chain of Fools’, ‘Think’, ‘A Natural Woman’, ‘I Never Loved a Man’ eta ‘I Say a Little Prayer’ abestiei esker. 1979an aita hil ondoren, Atlantic utzi eta Arista Recordsekin sinatu zuen. Diskoetxe horren eskutik plazaratu zituen ‘Jumpt to It’ (1982) eta ‘Who 's Zoomin' Who?’ (1985). John Landisen ‘The Blues Brothers’ (1980) filmean ere parte hartu zuen. Franklinek grabatutako 112 single sartu ziren Billboarden rankingean eta bere historian zerrendetarako sarrera gehien izan zituen emakumezko artista da. 18 Grammy irabazi zituen, 1968tik 1975era R&B-ren emakumezko ahots interpretazio onenagatik emandako lehen zortzi sariak barne. 2019an, hil ondoren, Pulitzer Aipamen Berezia jaso zuen «berrogeita hamar urte baino gehiagoz musika eta kultura estatubatuarrari egindako ekarpen ezabaezinagatik». 2018ko abuztuaren 16an zendu zen, minbiziak jota.