GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Sei urte Kataluniako atentatu islamikoak egin zituztenetik

2017ko abuztuaren 17an 15 pertsona hil ziren Bartzelonako atentatu islamikoan. Gizon bat La Rambla pasealekuan furgoneta batekin sartu zen eta hildakoez gain, ehunka zauritu utzi zituen. ISISek aldarrikatu zuen atentatua.

Bartzelonako La Rambla pasealekuan loreak eta kandelak utzi zituzten biktimen omenez. (EUROPA PRESS)

Duela 6 urte, abuztuaren 17an, ISISek atentatua egin zuen Bartzelonan. 15 pertsona hil ziren eta ehunka zauritu, tartean, hamar egunera zendu zen emakume bat. Arratsaldeko 17.00ak aldera, Bartzelonako La Rambla pasealekuan furgoneta zuri bat oinezkoen eremuan sartu eta bertatik zebiltzan ibiltariak harrapatzen joan zen.

500 metro inguru sigi-saga egin zituen, ahalik eta pertsona gehien harrapatzeko. Miró mosaikoa dagoen gunera iristean, ibilgailuko gidariak furgoneta utzi eta oinez alde egin zuen. Zaurituetako asko Bartzelonan oporretan zeuden mundu osoko turistak izan ziren. Ordu gutxira Estatu Islamikoak bere gain hartu zuen atentatua, Amaq agentziaren bidez.

17tik 18rako gauean, 1:15ean, beste atentatu bat izan zen Cambrilsen, Tarragonan. Eskuadra Mossoek poliziaren kontrol batetik ihes egin eta sei pertsona harrapatu zituzten bost gizon tiroz hil zituzten. Aurretik, gizonetako batek emakume bat labankadaz zauritu zuen, ordu batzuk geroago zendu zena.

Eskuadra Mossoek jakitera eman zutenez bi atentatu hauek abuztuaren 16an Tarragonan dagoen Alcanar herriko etxe bat erortzea eragin zuen leherketa batekin lotuta zeuden. Etxe horretan butano-bonbona ugari eta etxean egindako lehergaiak aurkitu zituzten.

Poliziaren arabera, leherketa nahi gabe eragin zuten eta ondorioz, atentatua burutu behar zuten gizonek planak aldatu behar izan zituzten eta furgoneta harrapaketa masiboa egiteko erabili. Lau pertsona atxilotu zituzten, hiru Ripollen eta beste bat Alcanarren.