GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

154 pertsona hil ziren Barajasen gaur 15 urte

2008ko abuztuaren 20an, 154 pertsona hil ziren Madrilgo Barajas aireportuan, Spanairren hegazkin batek izandako istripuan. 2021eko apirilean, Diputatuen Kongresuko ikerketa-batzorde batek erantzukizun politikoa bazela ebatzi zuen, eta istripua eragin zuen sistemaren akatsa leporatu zion konpainiari.


Gaur bete dira 15 urte Madrilgo Barajas aireportuko hegazkin istripua jazo zenetik. Spanairren 5022 hegaldian zeuden 172 bidaiari eta tripulazioko kideetatik 154 hil ziren. Madrildik Kanaria Handira joan behar zuen hegaldia erregularra zen eta istripua izan zuen aireportuko 36L pistatik 14.24ean aireratu ondoren.

Hegazkina aireratu eta bost segundora, galeran-sartze abisua aktibatu zen, eta, ondoren, laudatzeko angelu handiegikoa. Hegazkina lurretik 12 metrora igo zen, eskuinera desbideratu zen, altuera galdu zuen eta pistatik gertu erori zen.

Abiazio Zibileko Istripuak eta Gertakariak Ikertzeko Batzordearen (CIAIAC) ikerketaren arabera, istripuaren arrazoi nagusia giza akats bat izan zen: tripulazioak ahaztu egin zuen flap-ak eta slat-ak hedatzea, hiru aldiz. Horrek eragin zuen hegazkina aireratu eta berehala galeran sartzea eta pilotuek aparatuaren kontrola galdu zuten. Gainera, hegazkinaren TOWS alarmak huts egin zuen, tripulazioak flap-ak eta slat-ak hedatzea ahaztu izanarekin aktibatu behar zena.

2011ko abenduan, kasua ikertzen ari zen epaileak bi mantentze-teknikari inputatu zituen, istripuaren aurretik aparatua berrikusi zutenak, hain zuzen ere. Zuhurtziagabekeriazko hilketa eta lesioak egotzi zizkien, baina 2012ko irailean Madrilgo Probintzia Auzitegiak auzi penala artxibatu zuen, istripuaren azken erantzukizuna pilotuena izan zela iritzita.

2021eko apirilean, Diputatuen Kongresuko ikerketa-batzorde batek erantzukizun politikoa bazela ebatzi zuen, eta istripua eragin zuen sistemaren akatsa leporatu zion konpainiari.