GAUR8 - mila leiho zabalik

«Arraun Ondarru», elkartearen 50. urteurrena ospatzeko ekimen interesgarria

«Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera» izena du Ondarroako Arraun Elkarteak bere 50. urteurrena ospatzeko abian jarri duen proiektuak. Elkarteak bete duen mende erdiaz gain, herriak historikoki arraunarekin eta itsasoarekin izan duen lotura nabarmendu nahi dute.

Este navegador no soporta el elemento video.


Ondarroako Arraun Elkarteak 50 urte bete ditu aurten eta urteurren borobil hori behar bezala ospatzeko “Arraun Ondarru, ogibidetik kirolera” proiektua ipini zuten martxan iazko udazkenean. Helburua arraunak Ondarrroan izan duen garrantzia nabarmendu eta ezagutaraztea da, eta horretarako erakusketa eta dokumental bat prestatzen ari dira.

Ekimen horri buruz, eta orokorrean Ondarroan arraunak izan duen pisuaz, hitz egin dugu Koldo Azpiazu arraun elkarteko presidentearekin eta Agustin Etxeberria presidente ohiarekin. Beste hainbat arraunzalerekin batera buru-belarri dabiltza proiektuari forma ematen nahian eta egin duten lanaren berri emango dugu luze eta zabal larunbatean argitaratuko den erreportajean.

«Guk ikusten genuen elkarteak 50 urte betetzen zituenez zerbait egin beharra geneukala, baina ez genuen nahi 50 urte horietan soilik geratu. Apur bat atzera egin nahi genuen, edo apur bat baino gehiago. Izan ere, Ondarroan arraunaren historia ez da 1973an hasten. Ondarroan arraunaren historia 1854. urtean hasten da, idatzizko bertso batzuetan. Estropada bat egin zuten elkarren aurka Ondarroak eta Lekeitiok, eta urte berean beste bat Castrok eta Lekeitiok. Gero, 1865ean, Ondarroak jaso zuen estropada bateko irabazleari emandako lehen bandera. Hortik hasi nahi genuen, aitzakiatzat elkartearen 50. urteurrena hartuta. Arrauna ogibide izatetik kirol izatera eraman zuen trantsizio hori nahi genuen aztertu», laburbildu du Koldo Azpiazuk.