07 SET. 2023 Gaur X urte Gabriel Urralburu 11 urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten duela mende laurden 25 urte igaro dira Gabriel Urralburu PSOEko Nafarroako Gobernuko presidente eta Madrilen diputatu izandakoak hamaika urteko kartzela zigorra jaso zuenetik. Legez kanpoko komisioak jasotzeagatik zigortu zuten Antonio Aragon Herri-Lanetako sailburuarekin batera. Gabriel Urralburu 2005ean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GAUR8 1998ko irailaren 7an Nafarroako Gobernuko presidente ohiari, Gabriel Urralbururi, hamaika urteko kartzela zigorra ezarri zioten legez kanpoko komisioak hartzea leporatuta. Zehazki, funtzionario-eroskeriagatik lau urteko espetxe-zigorrera kondenatu zuten eta bi delitu fiskalengatik, berriz, 3,6 urteko espetxe-zigorra jaso zuen. Gainera, kargu publiko bat izateko bederatzi urteko desgaikuntza berezia ezarri zioten. Herri-Lanetako sailburu izandakoak, Antonio Aragonek, kartzela zigorra jaso zuen ere, zazpi urte eta bi hilabetekoa, funtzionario-erosketako eta zerga-iruzurreko delitu banarengatik. Honen eta Urralbururen emazteak, Ana Isabel Romeo eta Olivia Balda, ere zigortu zituzten hiru urteko espetxe-zigor bana ezarrita. ‘Urralburu kasua’ bezala ezagutu zen auzia, eta herri-lanak esleitzearen truke dirua jasotzea leporatu zitzaien. Lehendabiziko epai hau Nafarroako Auzitegiarena izan zen arren, hiru urte beranduago, 2001ean, Urralbururen kondena hamaika urtetik lau urtera murriztu zuen Auzitegi Nazionalak bi delituak bateraezinak zirela argudiatuta. 2003ko abuztuan baldintzapeko askatasuna eman zioten. Kartzelan egon zen bitartean Gabriel Urralburu zuzenbidean lizentziatu zen eta gaur egun, politika alde batera utzita, abokatutzan dihardu Madrilen.