GAUR8 - mila leiho zabalik

DBHko ikasleentzako elkarrizketa lehiaketa abiatu dute Itsasmuseumek eta BBK-k

‘Zer da itsasoa zuretzat?’ galderatik abiatuz telefonoarekin grabatutako elkarrizketa lehiaketa antolatu du Bilboko Itsasmuseumek BBKrekin elkarlanean, Bizkaiko DBHko lehen eta bigarren mailako ikasleei zuzenduta. Ikastetxe modura zein modu librean parte har dezakete.

DBHko ikasleentzako lehiaketaren kartela. (Bilboko Itsasmuseum)

Bilboko Itsasmuseumek 20. urteurrena betetzen du aurten eta ospakizunen artean, BBKrekin lankidetzan, DBHko lehen zikloko ikasleei zuzendutako ekimen berria antolatu du: haien inguruko pertsona nagusiei sakelakoaren bidez grabatutako elkarrizketa lehiaketa, ‘Zer da itsasoa zuretzat?’ galderatik abiatuz.

Museoko iturriek jakinarazi dutenez, kontua da itsasoa izan dadila belaunaldien arteko solasaldiaren sustatzailea, hala nola biloba baten eta haren aitona-amonaren edo erreferentziazko adineko pertsona baten artean, soseguz planteatuta, ikasteko jakin-minetik baliatuz eta partekatzeko gogoetatik, zerumuga tematikoari askatasun osoz helduz.

Ekimenaren helburua da itsas kultura ondarearen transmisioan nagusien eta belaunaldi berrien artean zubi lana egitea, horixe baita Itsasmuseumen zeregin nagusietako bat. Ikasleek ikastetxearen eskutik zein modu librean parte har dezakete, eta egiletza banakakoa edo kolektiboa izan daiteke, gehienez lau laguneko taldeetan.

Lehiaketaren bidez, itsasoak eta itsasadarrak kulturan eta ondarean duten garrantzia nabarmendu, belaunaldien artean ezagutzak, bizitza esperientziak eta jakinduria transmititu, eta nerabeen artean gailu digitalen erabilera arduratsua eta sortzailea sustatu nahi da.

Bada, itsas munduari lotutako edozein gairi buruz adineko pertsona bati ala bat baino gehiagori euskaraz edo gaztelaniaz egindako elkarrizketan oinarritzen da bideoaren edukia. Iraupena 3 eta 8 minutu artekoa izango da.

Itsasmuseumek eta BBK-k Bizkaiko ikastetxeei gonbidapena luzatu diete eskola curriculumean errotutako jardueran parte har dezaten, lantzen den gaia eta modua bat egiten duelako hainbat irakasgaien oinarrizko zehar eta diziplina barneko konpetentziak garatzeko edukiekin.

Sariak, azaroaren 22an museoan

Kulturaren eta irakaskuntzaren munduarekin lotutako pertsonek osatutako epaimahai batek aukeratuko ditu banakako eta taldeko modalitateetan egindako lanik onenak, DBHko lehen eta bigarren mailako kategorietan.

Gainera, hiru aipamen berezi egongo dira ingurumenaren jasangarritasunari, genero berdintasunari eta euskararen erabileraren sustapenari egiten dizkioten ekarpenak saritzeko, museoaren kudeaketa, jarduera eta erakusketa diskurtsoa egituratzen dituzten hiru balio estrategikoak baitira.

Guztira 4.500 euroko balioa duten 15 sari banatuko dira kirol, kultura eta naturako abentura eta esperientziez gozatzeko, baita Eup! tokiko merkataritzako plataforman trukatzeko bonuetan ere.

Sariak azaroaren 22an museoan egingo den ekitaldian banatuko dira, eta familiak, ikasleak, ikastetxeak eta inplikatutako erakundeak egongo dira gonbidatuta.