GAUR8 - mila leiho zabalik

Gueñeseko paperezko soinekoen lehiaketak 23 diseinu izango ditu aurten

Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketa egingo dute bihar Gueñesen, 21.00etatik aurrera. Aurtengo edizioan, 27 diseinu lehiatuko dira, eta horien ondoan, biomaterialez egindako jantziak ere izango dira, ardi latxaren artilea eta azenario-biomateriala oinarri hartuta.

Paperezko soinekoak Gueñesen. (Jon HERNAEZ | FOKU)

Gueñeseko Paperezko Soinekoen Nazioarteko Lehiaketan parte hartuko dute 23 diseinuk, 7 haurren kategorian eta 16 helduen kategorian.

Lehiaketa 21.00etan hasiko da, Euskal Herriko, Errioxako, Kantabriako, Galiziako eta Gaztela eta Leongo paperezko jantzien desfilearekin, eskuz eta makinaz josita, kola eta graparik gabe, Gueñesko Udalak zehaztu duenez.

Haur zein helduen kategorian, lehen eta bigarren sariak banatuko dira ’Diseinua eta originaltasuna’¸ eta ‘Ebaketa, jantzigintza eta artisau-lana’ ataletan. Horiei Gueñeseko parte-hartzaileei zuzendutako ‘Roberto Comas’ tokiko saria gehituko zaie.

Epaimahaia Javier Barroeta jostunak, Betitxe Saitua moda eta jantzi eszenikoen diseinatzaileak eta Adele Orcajada Gueñeseko Basque BioDesign Center BDC zentroko zuzendari akademikoak osatuko dute.

Desfilean zehar, Eduardo Loreto BDCko biomaterialen ikertzaile eta diseinatzaileak asmatu eta egindako bost diseinu ikusi ahal izango dira. Horietako hiru ardi latxaren artilea oinarri hartuta egin dira, eta bi laserrez ebakitako eta eskuz mihiztatutako azenario-biomaterialarekin.

Loretok adierazi duenez, aldez aurretik lurzorua deskontaminatzeko eta «metala lurretik ateratzeko» erabili diren azenarioen mamitik abiatuta, «moduluei forma eman diegu, eta laser bidez moztu, diseinuetan mihiztatzeko».