GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Ara Malikian biolin jotzaileak 55 urte bete ditu gaur

Ara Malikian 1968ko irailaren 14an jaio zen familia armeniar batean. Malikianek mundu mailan ospea izan duten lehiaketa asko irabazi ditu. Nabarmenenak, nazioartean, Felix Mendelssohn (Berlin, 1987) eta Pablo Sarasate (Iruñea, 1995) sariak. Euskal Herrian Kepa Junkerarekin musika emanaldiak eskaini izan ditu. 

Ara Makilian biolin jotzailea. (Wikipedia)

Ara Malikian 1968ko irailaren 14an jaio zen familia armeniar batean, eta oso gaztea zela bere aitak bultzatu zuen biolina jotzera. Jaiotzez libanoarra, familia armeniarra eta nazionalitate espainiarra du.

12 urterekin jo zuen bere lehen kontzertu garrantzitsua eta 14 urterekin Hans Herbert-Jöris orkestra zuzendariak Alemaniako Gobernuaren ikasteko beka bat lortu zuen, ikusita Malikianek nola jotzen zuen biolina.

Gerora, Londresera joan zen bere ikasketak jarraitzera, eta munduko musikako irakasle entzutetsuenak zeuden bertan. Esaterako, Franco Gulli, Ruggiero Ricci eta Ivry Gitlis. Haietaz ikasteko aukera handia izan zuen, eta ondo aprobetxatu zuen.

Malikianek mundu mailan ospea izan duten lehiaketa asko irabazi ditu. Nabarmenenak, Felix Mendelssohn (Berlin, 1987) eta Pablo Sarasate (Iruñea, 1995) nazioartean jasotako sariak, baita Niccolo Paganini (Genova), Zino Francescatti (Marseilla), Rodolfo Lipizer (Gorizia), Gazte Musikalak (Belgrad), Rameau (Le Mans), Internacional Artist Guild (New York), eta International Music Competition of Japanen jasotakoak ere.

Euskal Herrian Kepa Junkerarekin musika emanaldiak eskaini izan ditu. Malikian askotariko musika jotzeko gai da, eta biolinarentzat idatzita dauden obra esanguratsuenak eta handienak jotzeko gaitasuna du.

Horrez gain, egungo beste konpositoreen obrak ere jotzen ditu, adibidez, Franco Donatonirenak, Malcom Lipkinenak, eta Lawrence Romanenak.