GAUR8 - mila leiho zabalik

Nedermann, Demode Quartet eta Aire Ahizpak Mungian, ‘Landetxoko Gauak’ programazio berrian

Emakumeak protagonista dituen programazio berria jarri dute abian Mungian, ‘Landetxoko Gauak’ Izenaduba Basoan garatutako formatoa errepikatuz. Hiru kontzertu dira irailaren hurrengo hiru ostiraletarako, gaurtik hasita.

‘Landetxoko Gauak’ programazio berriaren kartela. (Mungiako Udala)

Hiru kontzertu berri ekarriko ditu Mungiara Landetxoko Gauak programak ostiral honetan bertan hasita, Judit Nedermann (Idoia Asurmendi), Demode Quartet (Emakume okerrak) eta Aire Ahizpak taldeen eskutik.

Pasa den uztailean ekimenak izan zuen harrera ona ikusita, Udalak formatua errepikatu nahi izan du, Izenaduba Basoa gunearen ateak berriro zabalduz.

Antolatzaileek ohar bidez azaldu dutenez, urtaro aldaketa ospatuko du gaur bertan abiatzen den programazio berriak, «emakumezko ahotsen eskutik». Lehenengo kontzertua, Judit Nedermannena izango da gaur, 21.00etatik aurrera.

Bigarren emanaldia Demode Quartet taldeak eskainiko du hilaren 22an, eta Aire Ahizpak taldeak itxiko du programa, irailaren azken ostiralean, 29an. Hiru kontzertuak 21.30ean hasiko dira.

Sarrerak aurrez eros daitezke

Sarrerak aurrez erosteko aukera dago Izenaduba Basoa zentroko lehiatilan bertan, 9.00etatik 18.00etara. 35 euroko prezioa dute hiru kontzertuetarako eta 15 euro kontzertu bakoitzeko.

Sarrerarekin, gainera, bisita gidatuan parte hartu eta Landetxo Goikoa ezagutzeko aukera izango dela nabarmendu dute.

Alaitz Erkoreka Mungiako alkateak adierazi duenez, ‘Landetxoko Gauak’ saioko emanaldi berri honek «Izenaduba Basoa bezalako eszenatoki paregabean musika ona entzuteko aukera» eskaintzen du.