GAUR8 - mila leiho zabalik

Plentziako Itsas Estaziora heldu da TREC espedizio zientifikoaren laborategi mugikor aurreratua

Hurrengo asteetan euskal kostaldean arituko da ozeanoak ikertzea helburu duen Europako TREC espedizio zientifikoaren laborategi mugikor aurrreratua. EHUko Plentziako Itsas Estazioko ikertzaileekin batera arituko da laginak aztertzen.

Biologia molekularreko laborategi aurreratua Plentzian. (Fernando GOMEZ | UPV/EHU)

Euskal kostaldeko itsas biodibertsitatea aztertzea helburu duen TREC Europako puntako proiektu zientifikoaren laborategi mugikorra EHUko Plentziako Itsas Estazioan dago pasa den astetik. Espedizioak 46 geldialdi egingo ditu 22 herrialdetan, eta horietako zortzitan baino ez ditu laginketa intentsiboa egingo. Plentzia horietako bat da.

Proiektuak fase ezberdinak izango ditu. Urriaren 11ra arteko lehen fase batean, euskal estazioaren parean arituko da lanean Biologia Molekularreko Europako Laborategiaren (EMBL) zentro mugikor aurreratua. «Gurpil gaineko laborategi sofistikatua» da, abangoardiako teknologiaz hornitua, nabarmendu dute EHUko iturriek.

TREC espedizioaren laborategi hori Suedian estreinatu da, eta Plentziako hau du bigarren egonaldia. «Azken belaunaldiko mikroskopia aurreratuko ekipamenduak ditu, eta bi Nobel sarirekin aintzatetsitako metodologiak baliatzen ditu», azpimarratu dutenez.

Habitat ozeanikoen azterketa

Tokian-tokian eginiko goi-mailako ikerketa eta ozeanoen esplorazioa dira proiektuaren bi helburu nagusiak. «Gure kostaldetik hurbil samar dauden habitat ozeanikoak» arakatuko dituzte, horretarako ur laginak bilduz, zehaztutakoaren arabera.

Lehorrean ere arituko dira. Izan ere, «ingurumen laginak ez ezik (ura, sedimentua, aerosolak) itsasoaren eta lurraren arteko mugan hautatutako eredu-organismoak ere bilduko ditu». Ibon Cancio PiE EHUko ikertzaileak zehaztu duenez, hiru gainegitura zientifiko dira TREC proiektuaren barruan lanean ari direnak: laborategi mugikor aurreratua, kostaldeko laginketa zerbitzuak eta Tara goleta, eta hirurak egongo dira Plentziako itsas estazioan. Tara ontzia urriaren 11tik 18ra egongo da Bilbon amarratuta.

Apirilean abiatu zen TREC espedizioa Estatu frantsesean. Aurten Atlantikoan eta Baltikoan zentratuko da, «eta 2024an amaituko da esplorazio bidaia paneuroparra, Mediterraneo aldean».