GAUR8 - mila leiho zabalik

Oinarri teknologikoko proiektuak sustatzeko lehiaketa jarri du abian Mondragon Unibertsitateak

Oinarri teknologikoko negozio-ideia berritzaileak edota startup-ak sarituko ditu Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak abian jarri duen Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards deialdiarekin. Irailaren 26an eta 28an bi saio telematiko izango dira, lehiaketaren baldintzak argitzeko.

Mondragon Unibertsitateko instalazioak, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Oinarri teknologikoko ideia berritzaileak bilatzen ditu Mondragon Unibertsitatea Industrial Sustainable Entrepreneurship Awards deialdiak. ‘Enpresa Sortuz’ izenarekin ezaguna orain arte, deialdia Estatu espainolera zabalduko da, eta 15.000 euroko sei sari emango ditu.

Ikasleentzako 11 hilabeterainoko beka edo soldata bat, laguntza eta aholkularitza zerbitzua ekintzailetzaren eta teknologiaren arloetan, eta proiektua garatzeko gune fisiko bat eskaintzea barnebiltzen ditu sariak. Oinarri teknologiko-industrialeko negozio-ideiak edo dagoeneko startup gisa finkatuta dauden proiektuak sartzen dira deialdian.

Lehiaketaren xehetasunen, baldintzen eta sarien inguruko informazioa eta «interesdunen zalantzak argitzeko» bi saio telematiko iragarri dituzte irailaren 26an, 15.00etan, eta 28an, 17.00etan.

Baldintzen inguruan zehaztu dute Mondragon Unibertsitateko ingeniaritzako ikasle bat sartu ahal izango dutela proiektuan, eta Unibertsitateak eta lehiaketan parte hartzen duten enpresek beka bat eskainiko dutela «ikasleak ekintzailetza-proiektua martxan jartzen lagundu dezan».

Mondragon Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoko ikasleak eta ikertzaileak aurkeztu ahal izango dira.

Datuak zehazteko agiria

Parte hartzeko, idatzizko agiri batean zehaztu beharko dute «bezero potentziala, merkatuaren tamaina, balio-proposamena, diru-sarrerak nondik lortuko dituen edota negozio eredua», bezalako informazioa. Dokumentu horren edukia laburbiltzen duen hiru minutuko bideo pitch bat prestatu beharko dute.

Azpimarratu dute «positiboki baloratuko» direla genero berdintasuna eta proiektuen izaera berritzailea, bideragarritasuna eta jasangarritasuna.

Proiektuak aurkezteko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik, lehiaketaren esteka honetan. Pertsona edo talde finalistak urriaren 16an jakinaraziko dira eta urriaren 23ko astean proiektua epaimahaiaren aurrean aurkeztu beharko dute hiru minutuko pitching-aren bidez.

Fagor Taldeak, Orbeak, Stirling Zentroak eta Fagor Ederlanek babesten dute deialdia.