GAUR8 - mila leiho zabalik

Arkeologi Museoak eta Santimamiñek bat egingo dute Ice Age Museoen sarearen X. urteurrenarekin

Izotz Aroko ondarea protagonista izango da hurrengo egunetan, Ice Age museo sarearen X. urtemugarekin bat eginez. Horren harira hainbat tailer eta bisita antolatu dituzte Bilboko museoak eta Santimamiñek.

Arkeologi Museoa, Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Arkeologi Museoak eta Santimamiñek bat egin dute Ice Age museo sarearen sorreraren hamargarren urteurrenaren ospakizunarekin. Europako museo eta arkeologia zentro nagusiek osatzen dute sarea, eta Izotz Aroko ondarearen kontserbazioari buruzko kontzientzia sortzea du helburu.

Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez, urteurrena dela eta, Arkeologi Museoak eta Santimamiñek hainbat tailer eta bisita antolatu dituzte.

Horrela, Arkeologi Museoak Museoko biltegietara bisita antolatu du irailaren 28an. Tailer honek Bizkaiko aztarnategietako Izotz Aroko materialak katalogatzeko eta kontserbatzeko prozesua erakutsi nahi dio bisitariari.

Gainera, irailaren 30ean biista egingo dute Arenaza kobazulora (Galdames). Aztarnategi hau «Bizkaiko historiaurreko adierazgarrienetako bat da, eta labar artearen adierazpen garrantzitsuak gordetzen ditu». Bisita Jose Luis Arribas arkeologoak gidatuko du.

Aztarnategia induskatu

Urriaren 1ean, ‘Arkeologia egun batez’ familia-tailerrera joan ahal izango da. Bertan, parte hartzaileek aztarnategi arkeologiko bat induskatu, iraganeko aztarna materialak berreskuratu eta haien izaeraren eta kronologiaren arabera sailkatu ahal izango dituzte.

Bestalde, Santimamiñetik bisita bat antolatu da irailaren 27an, kobaren atondora eta erreplika birtualera, gordetzen dituen historiaurreko pinturak miresteko eta formazio geologiko konplexuko galerietan barneratzeko.

Gainera, urriaren 1ean, ‘Artistak Historiaurrean’ haurrentzako tailerra egingo dute. Bertan, parte-hartzaileek duela 15.000 urte kobazuloetako hormak apaintzeko erabilitako teknikak ikasiko dituzte.

Jarduera guztiak doakoak izango dira aldez aurretik izena emanda, Bilbotik Arenaza (Galdames) kobazuloa bisitatzeko autobus-bidaia izan ezik, 10 euroko kostua izango baitu.