GAUR8 - mila leiho zabalik

Bisitariak Aiaraldera erakartzeko kanpaina berria: «Aiaraldean bilatzen duzun guztia aurkituko duzu»

Aiaraldea udazkeneko «ihesaldi idiliko» baten helmuga dela nabarmenduko du Aiarako Kuadrillako Turismo sailaren kanpaina berriak. «Bilatzen duzun guztia aurkituko duzu» dio leloak, paisaia, kultura, gastronomia, historia eta ondarea uztartzen dituen eskaintzak biltzen dituen aukera ezberdinei erreparatuz.

Aiaraldeko erakargarritasunez gain, eskualdeak eskaintzen dituen esperientzia eta aukera ezberdinak nabarmentzen ditu kanpaina berriak. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Aiarako Kuadrillako Turismo arloak kanpaina berri bat jarri du abian udazkenean bisitariak erakartzera zuzenduta. «Aiaraldean bilatzen duzun guztia aurkituko duzu» lelopean, eskualdeak eskaintzen dituen aukera ezberdinak nabarmentzen ditu, esperientziak, ondarea, kultura edota paisaia uztartzen dituen eskaintza zabala dela erakutsiz.

Nerbioi ibaiaren goiko arroan kokatuta, Amurriok, Artziniegak, Aiarak, Laudiok eta Okondok osatzen duten eskualdean erakargarritasun ezagun ugari dago paisaiari dagokionez. Atal horretan, Nerbioiko ur-jauzia, Gorobel mendilerroa, Maroñoko Urtegia, Garrastatxu, Nerbioiko parke Lineala edota Delikako Ibilbide Berdea aipatu dituzte Turismo arloko arduradunek.

Eskualdeko museoen eskaintza zabalaren ondoan, ondare arkitektonikoa ere goraipatzen du kanpainak, Kexaako Monumentu Multzoa, Artziniegako hirigune historikoa edota Ermuko Andre Mariaren Santutegia aipatuz, besteak beste, dorretxe eta balio historiko handiko baserri ugariko zonaldean.

Gastronomia eskaintzaren beste ardatzetako bat da. Txakolinari oso lotuta, onddoak eta perretxikoak dira eskualdeko protagonistak udazkenean, eta urte osoan zehar zero kilometroko produktuak dira izar nagusiak, lehen sektoreak gordetzen duen tradizio handia jarraituz.

«Aiaraldean urte sasoi honetan ostatu hartzea magia hutsa da, bai kuspegi koloretsu eta bikainegatik, bai ostatu eskaintza handiagatik (hotelak, ostatuak, landetxeak eta nekazalturismoak) behar eta gustu guztiak betetzen baititu», azpimarratu du Kuadrillak.