GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Sportjam Surfest Tourra’ Sopelan egingo da urriaren 6tik 8ra

‘Sportjam Surfest Tourra’ esperientzia Sopelara helduko da asteburuan. Ostiral arratsaldean zabalduko da skate eta surf kirolen inguruko produktu berritzaileenak bilduko dituen azoka. Doakoa da parte hartzea, baina aurretik  izena eman behar da. Dagoeneko 1500 lagun inguru inskribatu dira sona handiko hitzorduan, aurreratu dutenez.

‘Sportjam Surfest Tourra’ ostiral arratsaldean zabalduko da. (Sopelako Udala)

Sopelako Udalak «kontzeptu interaktibo berritzaile bat» jarriko du abian asteburuan, «hondartzan zehar edo zuzenean uretan, erakusgai dagoen edozein produktu» probatu ahal izateko. ‘Sportjam Surfest Tourra’ izena du hitzorduak eta azoka baten antzeko formatua izango du, non bisitariak doan eta libreki parte hartu ahal izango duten, zehaztu dutenez.

Ohar batean azaldu du Udalak Ipar Euskal Herriko etapa Angelun eta Donostiako Kursaaleko terrazetan «arrakastaz ospatu ondoren», ekimenak Sopelan izango duela hurrengo geldialdia asteburuan, hilaren 6an hasita eta 8ra arte.

Programazioaren inguruan aurreratu dute hamar bat karpa egongo direla surf eta skateko 200 produktu baino gehiago bilduko dituztenak. ‘Village’ eraskusketa ikusi ahal izango da eta bertoko eta nazioarteko markek ekintza-kirolen munduko berrikuntzak egongo dira ikusgai.

Doakoa da baina izena eman behar da

Azokara bertaratu eta «produktuak probatu nahi dituen edonork izena eman beharko du www.sportjam.com webgunean». Izena eman ondoren, azokako harreran, eskumuturrreko bat jasoko du bisitariak, «standetako produktu guztiak probatu ahal izateko».

1.500 lagun inguru inskribatu dira dagoeneko, antolatzaileek emandako datuen arabera. Azaldu dutenez, nabarmentzekoa da, gainera, emakumeen presentzia gero eta handiagoa, ia%40era heltzen dena.

Azoka ostiral arratsaldetik igandera egingo da, eta sarrera doakoa da, azpimarratu dutenez. Ostiralean, 16.00etan zabalduko dute eta 20.00etan itxiko da. Larunbatean, 11.00etatik 20.00etara egongo da zabalik, eta igandean, 11.00etatik 19.00etara.