GAUR8 - mila leiho zabalik

Joseba Beramendi, «Exprai» marrazkilaria: ilusioaren aldeko apustua

30 urtez diseinulari lana eta marrazkigintza uztartu ondoren, Joseba Beramendi «Exprai» nafarrak diseinu mundua utzi eta marrazkigintzan buru-belarri murgiltzea erabaki du. Larunbateko alean ezagutuko ditugu hobeto zergatiak.

Este navegador no soporta el elemento video.


Irailaren 1ean eman zuen jakitera sareetan Joseba Beramendi «Exprai»-k (Iruñea, 1973) 30 urtez lanbide izan duen diseinugintza alde batera utzi eta marrazkigintzan erabat murgiltzea erabaki duela.

Haren berri emateko moduagatik, agian, oihartzun handi samarra izan du Josebaren erabakiak. «Harritzen nau jakinmin honek, nik ere ez dakidanean zer gertatuko den hemendik aurrera», onartu digu marrazkilari nafarrak Iruñeko LABAn egindako elkarrizketan.

«30 urte pasatxo neramatzan diseinuaren eta publizitatearen munduan, eta 15 bat enpresa berean lanean. Azken zazpi urteak gainera kooperatiba formatuan. Langileok hartu genuen enpresaren ardura eta gurea zen. Horrek ere, neurri batean, apuroa ematen zidan, nire enpresa ere bazelako. Baina hortik jaistea erabaki dut, erabateko haustura bat nahi nuelako orain arteko ibilbidearekin», gehitu du Beramendik.

Josebak azaldu digunez ez dago arrazoi bakarra norabide aldaketa honetarako, egoera askoren pilaketa baizik, eta horien berri luze eta zabal emango dugu larunbatean argitaratuko den artikuluan.

Izan ere, GAUR8ko irakurleek aski ongi ezagutzen dute bere zorroztasuna eta trebezia, hilabetean behin bere "Irritzia" ematen duelako txoko honetan, baina beste hainbat lekutan ere egin izan du bere ekarpena. Hemendik aurrera lan esparru horiek zabaltzen jarraitu nahi du.