GAUR8 - mila leiho zabalik

Kabia gunea sortu dute, EAEko ekintzaileei proiektuak abiatzen laguntzeko

Landa guneetan eta itsas eremuan sor daitezkeen negozio proiektu berriei laguntzea du helburu Kabia foroak, baita elikagaien eta zuraren balio kalitatearen ingurukoak ere. Zalantzak argitzeko eta interesak eta esperientziak partekatzeko espazioa izango da.

Landa gunean eta itsas eremuan sor daitezkeen proiektu berriak abian jartzen lagundu nahi du proiektuak. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lakuako Gobernuak Kabia gunea sustatu du Hazi Fundazioaren bidez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako landa guneetan eta itsas eremuan gauzatzen duten edo negozio proiektu berriak hasi nahi dituzten ekintzaileei laguntzeko. Elikagaien eta zuraren balio katearekin lotutakoek ere aurkituko dute bertan laguntza.

Gune berriak topaketa fisiko eta digitalerako topagunea eskainiko du. Interesak, erronkak eta esperientziak partekatzen dituzten pertsonen, sektoreko eragileen eta ekintzailetza proiektuetan laguntzeko ekosistemako erakundeen arteko harremana sustatzea da xedea, aurkezpenean azaldu dutenez.

Enpresa proiektu berriari ekiteko orduan, Haziren laguntza eskatu duten pertsonen %80k banaka egiten du eskaera. Negozio berria abian jarri nahi denean, ia beti ibilbidea bakarkakoa da, eta hainbat ziurgabetasuni eta zalantzari erantzun behar zaie, ez baitago argi nondik hasi behar den.

Pertsonak konektatzeko

Horregatik abiatu zen 2015. urtean ‘Ostegun Ekintzaileak’ programa. Aurrez aurreko topaketak dira, eta ekintzaileen arteko harremana sustatzen dute, esperientziak partekatu, aukerak antzeman edo proiektuak ideia berritzaileekin osatzeko. Hain zuzen ere, foro horretan sortu zen aurrerapausoak ematearen beharra, batetik, kultura ekintzailea bultzatzeko eta, bestetik, ekimenak zituzten pertsonak konektatzeko.

Bada, behar horren erantzuna da Kabia, aurreko guztia gune birtual batean elkartzen duen ekimena, hain zuzen.

Aurrez aurreko topaketetako material oro barne hartuko du, eta foro gisa erabiliko da erkidego ekintzaile guztia etengabe antolatuta eta konektatuta egoteko, eta prestakuntza ikastaroetara, esperientzia inspiratzaileen adibideetara, kontaktu sarera eta adituen aholkularitzara sarbidea izateko.