GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Garbiñe Muguruzak 30 urte bete ditu gaur

Caracasen jaio zen euskal jatorriko tenislariak sekulako garaipen zerrenda pilatu zuen 2015 eta 2021 artean, baina azkenaldian tenisetik urruntzea erabaki du eta beste lan batzuetan dabil.

Muguruza, 2019ko Wimbledon torneoan. (SI-ROBI | WIKIPEDIA)

Garbiñe Muguruza euskal jatorriko tenislariak 30 urte bete ditu gaur, 1993ko urriaren 8an jaio baitzen Caracasen, Venezuelan. Gazte-gaztetatik munduko tenislari onenekin ibili da lehian, baina azkenaldian tenis mundutik urruntzea erabaki du eta beste lan batzuetan dabil.

Bere mailaz jabetzeko, nahikoa da Garbiñe Muguruzaren garaipen zerrendari begirada bat botatzea. Bertan ageri dira Grand Slameko bi txapelketa (Roland Garros 2016 eta Wimbledon 2017), bi azpitxapeldun postu (Wimbledon 2015 eta Australiako Irekia 2020), WTA Finals titulua (2021ean) eta WTAko hamar txapelketa garaipen. 2017an, seguruenik bere ibilbideko urterik onena, munduko rankingean lehen postura igotzea lortu zuen, eta «Urteko Jokalari» izendatu zuten WTA eta ITF Sarietan, baita «Urteko Kirolari» ere Laureus Sari ospetsuetan.

Garbiñe Muguruza Blanco Azkoitian jaiotako Jose Antonio Muguruza gipuzkoarraren eta Caracasen (Venezuela) jaiotako Scarlet Blanco venezuelarraren alaba da. Bi anaia nagusi ditu, Asier Muguruza eta Igor Muguruza, tenis jokalari profesional ohiak.

1978an aitak Venezuelara emigratu zuen, eta bertan Scarlet Blanco ezagutu. Garbiñe Caracasen jaio zen 1993ko urriaren 8an, baina laster Guatirera joan zen familia, Miranda estatura. Han, hiru urte zituela, tenisean jokatzen hasi zen, Asier eta Igor anaiekin batera, Mampote Tenis Klubean, Guarenasen. Sei urte bete zituenean, Bartzelonara joan zen, eta Sergi Bruguera tenislariaren Bruguera Tennis Academy eskolan trebatu zen. 2015eko azarotik 2019ko uztailera Sam Sumyk frantziarra izan zen entrenatzailea. 2020tik aurrera, Conchita Martinezek hartu zuen entrenatzaile kargua.