GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikusmen murriztua duten pertsonak identifikatzen dituen bereizgarria ezagutaraziko du kanpaina batek

Hilaren 15era arte ikusmen murriztua duten pertsonak identifikatzeko bereizgarria zabaltzeko kanpaina egingo du Retina Euskadi Begisare elkarteak EAEn, Ikusmenaren Mundu Eguna dela eta. Desgaitasunari ikusgarritasuna eman eta giza harremanak erraztu nahi dituzte.

Ikusmen murriztua duten pertsonak identifikatzen dituen sinboloa ezagutarazteko kanpaina. (Retina Euskadi Begisare)

Ikusmen murriztua duten gizon-emakumeak ikusgai egiteko kanpaina zabal bat burutuko du Retina Euskadi Begisare elkarteak hurrengo egunetan. Helburua da desgaitasuna ikusgarria egitea eta arazoa pairatzen duten pertsonak identifikatu ahal izatea, horrek giza harremanak erraztu eta «ulergarritasun ezak sorten dituen arazoak saihesten» laguntzen baitu.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen den elkarteek osatzen dute Begisare, eta erretinako distrofia hereditarioak dituzten hiru herrialdeetako pertsona gehienak biltzen dituela azaldu du. «Gaixotasun horiek ikusmen galera larria eta itsutasuna eragiten dutenen artean arruntenak dira», zehaztu dutenez.

Gogoratu dute ikusmen murriztua duten lagun askorentzat ez dagoela ez tratamendu farmakologiko ezta ebakuntzarik ere, «eta hortaz, egunerokotasunak barnebiltzen dituen hainbat jarduera burutzea zaildu eta/edo erabat eragozten du».

«Ezjakintasun hori dela eta, ez gara ulertuak sentitzen; batik bat, sarri gertatzen den moduan, eragindako pertsonak itxuraz osasuntsuak diren begi eta begirada dituelako. Gutariko askok eguneroko zenbait jarduera burutzea ahalbidetzen digun ikusmen hondarra izan arren, beste hainbat ekintzetarako laguntza edo makila txuria edota gida txakurra behar izaten ditugu», azaldu dute egunerokoan bizi duten egoeraren inguruan.

Horregatik, pertsona horien identifikazioa gakoa izan daitekeela nabarmendu dute. Bereizgarria ez da berria, 2013an sortu baitzen Gipuzkoako elkartearen ekimenez. Ordutik erabilera zabaldu bada ere, bereizgarriaren esanahiaren azalpenean sakondu nahi dute.

Gaizki ulertuak saihestu

Zehaztu dutenez, pertsona bera batzuetan agurtzea eta besteetan ez, kaletik doazela albo batera ez egitea, polikiegi ibiltzea, estropezu egitea edo kaleko edozein elementurekin tupust egitea dira ikusmen murriztua duten lagunek sarritan aurkitzen dituzten egoerak. Bereizgarria eramateak ulertuago egiten ditu pertsona horiek eta haserreak edo gaizki ulertuak saihestu ditzake.

Horregatik, hurrengo egunetan kalean hainbat euskarritan ikusi ahal izango da ‘Ikusmen murriztua dut’ bereizgarria. Aurten, Julian Iantzi aurkezleak laguntzen du kanpainan, ekimena azaltzen duen bideo batean.