GAUR8 - mila leiho zabalik

New Yorkeko Bernardo Atxaga katedrak euskal emakume zinemagileei buruzko programa akademikoa eskainiko du

Euskal emakume zinemagileei buruzko egitarau akademikoa prestatu du Etxepare Euskal Institutuak New Yorkeko CUNY University zentroan, Maria Pilar Rodriguez ikerlariaren eskutik. Hitzaldi, irakurketa edota eskolen ondoan, hiru euskal film ikusi ahal izango dira.

Irudian, Rosa Zufia eta Bertha Gaztelumendi zinemagileak. (Jon URBE | FOKU)

Etxepare Euskal Institutuak New Yorkeko CUNY University zentroan sustatzen duen Bernardo Atxaga katedrak euskal emakume zinemagileei buruzko programa akademikoa eskainiko du, Maria Pilar Rodriguez ikerlariaren eskutik, urriaren 23tik 27ra bitarte. Haien lanaren inguruko hitzaldi, irakurketa, eskola eta proiekzioak egingo dira.

Gainera, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskadiren AEBetako ordezkaritzak antolatuta, NYC Basque Film Festival jaialdiak azken urteetako hiru euskal film eramango ditu New Yorkera urriaren 25etik 27ra.

Etxepare Institutik jakinarazi dutenez, Bernardo Atxaga katedraren xede nagusia euskal literaturaren eta hizkuntzalaritzaren inguruan ikerketa, ikasketa eta ezagutza sustatzea da. Euskal kulturari buruzko doktoretzako programa akademikoa eskaintzen du, eta 2017tik urtero eramaten ditu irakasle gonbidatuak New Yorkera.

Maria Pilar Rodriguez Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikerlaria eta Euskadiko Filmategiak egindako ‘Euskal emakume zinemagileak’ argitalpenaren koordinatzailea da aurtengo katedraren ikerlari gonbidatua, eta euskal emakume zinemagileen historia, ezaugarriak eta baldintzak eta haien ekoizpenetan landu dituzten gaien inguruan hausnarketa bideratuko du programa zabalean.

Bernardo Atxaga katedraren aurtengo programaren helburu nagusia euskal zinematografia aztertzea da, emakume zuzendariek genero eta formatu ezberdinetan egindako lanetan oinarrituz –film luzeak, film laburrak eta dokumentalak–, ondoren lan artistiko horien bilaketa akademiko eta dibulgatzailea egiteko.

Hiru film, aztertzeko

New York Film Festival jaialdiaren aukeraketarekin bat eginez, Estibaliz Urresolaren, Alauda Ruiz de Azuaren, Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren azken filmak eredu bezala erabiliko dira azken urteko euskal zinema eta emakume zinemagileek egindako lana aztertzeko.

Izan ere, EAEko AEBetako ordezkaritzak antolatuta, eta Etxepare Euskal Institutuarekin, NYC Basque Film Festival jaialdiaren edizio berria egingo da New Yorken, urriaren 25etik 27ra. Euskal kultura eta zinema AEBetan biztanle gehien dituen hirira hurbiltzea da helburua.

Horrela, Bernardo Atxaga katedraren 2023ko programarekin bat eginez, aurtengo edizioan lau emakume zinemagileren hiru film aurkeztuko dira Village East by Angelika zinema aretoan: Estibaliz Urresolaren ‘20.000 erle espezie’, Alauda Ruiz de Azuaren ‘Cinco Lobitos’ eta Bertha Gaztelumendiren eta Rosa Zufiaren ‘Arnasa betean: emakume zinemagileak’.