GAUR8 - mila leiho zabalik

Hernanik errugbi inklusiboa plazetara eramango du bertso jaialdi inklusiboa antolatuz

Tolosako Leidor aretoan da hitzordua igandean, urriaren 29an, 12etan hasita. Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi ariko dira bertsotan "Inklusio bultzada" izena hartu duen saioan.

Inklusio bultzada aurkezteko ateratako afixa. (HERNANI CRE)

Aski ezaguna da Hernanik errugbi inklusiboan azken urteetan egin duen lana, eta zelaian izandako arrakasta ikusita beste urrats bat eman nahi izan dute. Kasu honetan, errugbia zelaietatik atera eta plazetara eraman nahi dute, jendeartea inklusiboagoa bilakatzeko borrokan.

Lehen ekitaldia igandean, urriaren 29an, Tolosako Leidor aretoan ospatuko den bertso jaialdi inklusiboa izango da. "Inklusio bultzada" izena hartu duen saioa 12etan hasiko da eta oholtzara igoko diren bertsolariak Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Nerea Ibarzabal, Joanes Illarregi, Jexux Mari Irazu eta Beñat Gaztelumendi izango dira.

Ez da ohiko jaialdi bat izango. Antolatzaileek azaldu dutenez, bertsolariak urritasunen bat duten pertsonen, hauen senideen edo esparru honetan lanean dabiltzan profesionalen larruan jarriko dira; eta aniztasun funtzionala duten pertsonek gizarteratzeko dituzten trabak edo zailtasunak agerian uztea izango da xede nagusia.

Horretarako, gaiak prestatzen lan berezia egin dute antolatzaileek, Gipuzkoa mailan aniztasun funtzionalaren inguruan lan egiten duten erakundeen laguntzarekin. Gautena, Pausoka, Atzegi, Marea Urdina, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioa eta Uliazpiko erabiltzaileen, senitartekoen edo profesionalen bizipen pertsonalak jaso dituzte Unai Elizasu, Agin Laburu eta Harituz elkarteko bertsolariek, horiek bertsotarako gai bilakatuz. Unai Elizasu izango da gai jartzailea igandean, baina aipatutako erakundeetako pertsonen laguntza izango du.

Sarrerak internet bidez eros daitezke Leidor aretoaren ohiko sisteman, 12 euroko prezioan, eta egunean bertan ere lehiatila irekita egongo da.