GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUko 167 ikertzailek «zientziaren munduan eragin handia» dute Stanford zerrendaren arabera

Stanford zerrendaren arabera, Euskal Herriko Unibertsitateko 167 ikertzaile «zientziaren munduan eragin handia» dutenen artean daude. Urtero argitaratzen du zerrenda Stanford unibertsitate estatubatuarrak.

Lehen ilaran Verkhratsky, Grabowski, Mecerreyes, Asua eta Matute eta, bigarrenean, Goñi, Tóth, Mujika, Soloshonok eta Carreiras. (EHU eta Ikerbasque)

Stanford Unibertsitateak urtero argitaratzen du argitalpen zientifikoetan gehien aipatutako ikertzaileen % 2aren rankinga. Azken entregan, 167 dira jada zerrenda horretan dauden EHUko ikertzaileak. Zehazki, 103 ikertzaile senior zerrendan (zientzialariak bere ibilbide profesionalean jasotako aipamenen araberakoa); 141, azken urteari dagokion zerrendan (kasu honetan, 2021ean izandako aipamenak), eta 77 bi zerrendetan. Beraz, EHU espainiar Estatuko bigarrena da ranking honetan, Bartzelonako Unibertsitatearen atzetik.

Ranking of the World Scientists: World’s Top 2% Scientists delakoa, espezialitate honetan munduko prestigiotsuenentzat hartzen dena, Scopus datu basean bildutako informazioan oinarritzen da, eta kontuan hartzen ditu argitalpen zientifikoen inpaktuari lotutako parametroak: hala nola argitalpen kopurua, zenbat aldiz aipatu diren argitalpen horiek beste zientzialari batzuek argitaratutako lanetan, haien lanen inpaktuaren beste adierazle batzuk eta aurreko guztiak konbinatzen dituen amaierako adierazle bat. Gainera, alborapenak saihesteko, sailkapenak aukera ematen du ikertzaile bakoitzaren metrikak konparatzeko, nork bere buruari eginiko aipamenak baztertuta.

Eva Ferreira errektorearen hitzetan: «Harrotasunez bete gaitu albisteak. Iazko rankingarekin alderatuta, gora egin du nabarmen EHUko ikertzaileen kopuruak World’s Top 2% Scientists-en, ‘Stanford zerrenda’ ere deiturikoan».

Rankingean goian dauden EHUko kideak 40 jakintza arlotan baino gehiagotan ari dira lanean, eta «agerian uzten du horrek euskal unibertsitate publikoan egiten den ikerketaren aberastasuna eta aniztasuna», unibertsitatearen beraren arabera.