30 OCT. 2023 Gaur X urte Duela 67 urte zendu zen Pio Baroja idazle donostiarra Duela hirurogeita zazpi urte, 1956ko urriaren 30ean, Pio Baroja Nessi idazle eta akademikoa hil zen bere Madrilgo etxean (Donostia, 1872-Madril, 1956). Pio Baroja, idazle donostiarra. (GARA | GARA) GAUR8 Euskal herritarrek gehien irakurri duten egileen artean da, zalantzarik gabe, Pio Baroja Nessi donostiarra. Donostiako Okendo kalean jaio zen idazlearen familia liburu eta letra idatziaren jarraitzaile sutsua zen. Belaunaldi desberdinetako barojatarrek hainbat egunkari sortu edo inprimatu zituzten, adibidez, ‘La Papeleta de Oyarzun’, ‘El liberal guipuzcoano’ edo ‘El Urumea’, eta liburuak ere eman zituzten haien inprimategian: handik atera zen, kasurako, Adolphe Thiers-en ‘Iraultza Frantsesaren Historia’ ezaguna. Hala ere, Pio Baroja gazteak medikuntzaren bidetik egitea erabaki zuen, eta Madrilen eta Valentzian ikasi ostean, Euskal Herrira itzuli eta Zestoan jardun zuen mediku lanetan. Hor lortu zuen lehenengo liburua idazteko inspirazioa, ‘Vidas sombrías’. Urte labur batez besterik ez zuen iraun mediku lanetan. Madrilera egin zuen gero, eta hasieran okindegi batean lanean ibili zen arren, laster sartu zen buru-belarri literaturaren mundura. Hogeita hamar urte betetzerako, idazle sonatua zen Pio Baroja. ‘La casa de Aizgorri’ edo ‘El mayorazgo de Labraz’ lanek goratu zuten lehen lerrora eta Europan barrena bidaiatzera eraman zuten bere liburuek. 1911n ‘Memorias de un hombre de acción’ idazten hasi zen. Eugenio de Aviraneta liberalaren bizitzan oinarritutako lanari 22 liburuki eskaini zizkion, eta 24 urte behar izan zituen idazteko; 1935ean bukatu zuen. Errepublikaren etorrerak, 1931n, hotz utzi zuen. Ez zuen inoren alde egiten, ez zuen bandorik aukeratu nahi: «Liberal erradikala, indibidualista eta anarkista naiz. Lehenengo, Elizaren etsaia. Gero, Estatuaren etsaia. Bien bitartean, bi botere handi horiek borrokan ari dira», adierazi zuen. 1936ko gerraren bezperan Espainiako Hizkuntzaren Errege Akademian (RAE) sartu zen. Gerra, erbestea eta itzulera 1938an, gerrak erbestera derrigortu zuenean, ‘Comunistas, judíos y demás ralea’ lana kaleratu zen. Artean ere ez dago argi Barojaren beraren ideia izan ote zen idazlana, bere lanetatik ateratako pasarte multzo bat, bando frankistaren ideologia betetzen zuena. Euskal idazleak ez zuen inoiz lan honen egiletza ukatu, eta arrazoizkoa da pentsatzea haren argitalpenak Estatu espainiarrera azkar itzultzea erraztu ahal izan ziola. 1940tik aurrera, Piok, 68 urteko gizona orduan, bere memoriak idazten jardun zuen gehienbat, ‘Desde la última vuelta del camino’ (1944-1949) izenburupean. Ortega y Gasset, Marañon doktorea, Azorin lagunekin, edo Julio Caro Baroja ilobarekin eman zituen azken urteak Madrilen. 1956ko urriaren 30ean hil zen, Ernest Hemingway idazle ospetsuaren bisita jaso eta egun gutxira.