GAUR8 - mila leiho zabalik

Puntako esnekigileen hitzordua Tolosan, azaroaren 3an eta 4an

Euskal Herrian ekoiztutako gazta eta esnekien plaza handia izango da Tolosa azaroaren 3an eta 4an. Ekoizleentzako txapelketez gain, hainbat esperientzia eskainiko dituzte sektorearen lanera hurbiltzeko, esnekigintzan eta abeltzaintzan ere. Izan ere, behi frisiarrak beste protagonista nagusiak dira, XIV. Frisoi Txapelketa egingo baitute.

Esneki azokaren aurreko edizioko produktuak, irudian. (Esneki)

Euskal esnekigintzaren erakusleiho handi bat izango da Tolosa azaroaren 3an eta 4an. Euskal Herri osoan ekoiztutako produktuak bilduko ditu hitzorduak, dastatzeko aukera emanez, baina horren ondoan produktu onenak hautatzeko, II. Esneki Euskal Herriko Gazta eta Esnekien Txapelketa ospatuko da. Ez da sariketa bakarra izango, XIV. Frisoi Txapelketa ere deituta baitago egun horietarako Tolosan.

Gazta zaleentzako paradisu modukoa izango den plaza horretan: gazta freskoak, gazta laktikoak, gazta bigunak, gazta urdinak, behi-gazta onduak, ahuntz-gazta onduak ardi-gazta onduak eta yogurtak aurkituko dituzte bisitariek.

Txapelketari dagokionez, horietako kategoria bakoitzean beste bi azpi-kategoria aurreikusi dira: gaztagileak berak ekoiztutako esnearekin egindako produktuentzat eta hirugarren bat esnea erosi eta eraldatzen duten ekoizleentzat.

Beste bi proposamen dakartza hitzorduak ostiralerako: «‘Errapetik ahorainoko bidea’ esperientzia hezigarria, Tolosako Ferialekuan, eta ‘Queso, cultura y gastronomía’ hitzaldi eta dastaketa gidatua. Familiei eskainita dago lehenengoa, «behiak jeztetik esnea eraldatu eta produktuak sortu arteko prozesuaren berri emango» duena.

Hitzaldia eta dastatze saioa Beotibar Pilotalekuan izango da, «esnekien eraldaketaren inguruan hausnartzeko». Henri Bile, Alain Torres eta Roberto Ruiz adituek gidatuko dute saioa.

Dastatze gidatuak

Larunbatean, lehiaketek irauten duten bitartean azoka egingo da Trianguloan eta San Frantzisko Pasealekuan. Aurreratutakoaren arabera, «barietate guztietako gaztarik onenak eta esnekiak» bilduko ditu, eta dastatzeko saio gidatua egiteko aukera izango da, lau txandatan, 10.00etatik 12.15era.

Frisoi Elkarteak sustatuta, gainera, ‘Esnetan’ gunea izango dute familiek, txekorren zainketaren inguruan, eta esnekiak eraldatzen ikasteko erakustaldia egingo dute bertan.

Udalak, Eliker Kalitatezko Elikaduraren Zentroak, HAZI-k, Lakuako Gobernuak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Leartiker Esneki Zentroak sustatuta, nekazaritzako elikagaien industria, eta zehazki esnekigintza, bultzatu, eta euskal gaztak eta esnekiak ezagutzera ematea dira azokaren helburu nagusietako bi.