GAUR8 - mila leiho zabalik

Zaporeak GKE-ak piztuko du IrriSarri Land-eko txondorra larunbatean

Zaporeak GKE-ko ordezkariak piztuko dute larunbatean IrriSarri Land-eko txondorra. Zubietako Joaldunak izango dira bertan, eta musikaz girotuta egongo da ekitaldia. Sarrera doakoa izango da egun horretan, Igantziko abentura parkean.

Hainbat pertsona txondorrean lanean. (IrriSarri Land)

Zaporeak Gobernuz Kanpoko Erakundeko (GKE) ordezkariak omenduko ditu aurten IrriSarri Land-ek, egunero pertsona errefuxiatuei eskaintzen dieten laguntza eta babesa aitortuz. «Eurak arduratuko dira ikaztegiko enborrean arrastoa uzten», aurreratu dute, larunbatean, 17.30ean abiatuko den pizte ekitaldiaz.

Doakoa izango da sarrera egun horretan, eta girotzeko hainbat osagarri izango ditu. Caroline Collier Iruñeko Sinfoniettako zuzendariak eta orkestrako hiru musikarik eskainiko dute emanaldia, eta Gorka Zabaleta kantautoreak bizpahiru abesti kantatuko ditu gitarrarekin. Txondorrari kea dariola ospatzeko, Zubietako joaldunak ere izango dira bertan.

Emandako datuen arabera, inguruko basoetako 18.000 egur-ikatz kilo erabili dira txondorra eraikitzeko. Larunbatetik aurrera, boluntarioek mantenduko dute txondorra piztuta, eta «gauzak ondo bidean, urte amaierarako ikatza izanen da», zehaztu dute ohar bidez.

5.000 kilo ikatz inguru lortzea espero da, jatetxeko parrillan erabiliko direnak. Larunbatetik aurrera, gainera, ikatzaren museoa den Ikaztegia bisitatzeko aukera dago, abenduaren 30era arte. Bertan ikazkinen lanbidea eta bizimodua jaso dira, eta «horretarako espresuki egina dagoen ibilbidea» egin daitekeela zehaztu dute.

Hurrengo hitzordu nagusia txondorarren inguruan abenduaren 16an da, egun horretan Olentzero eta Mari Domingi izango baitira bertan, haurren gutunak jasotzen.