GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Kulturaldia 2023’ proposamen ugari eta askotarikoekin iritsiko da Uribe Kostara

Uribe Kostako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatutako ‘Kulturaldia 2023’ programazioa hamar bat jarduerez dago osatua, kontzertu, kalejira, bertso-saio eta Pole Dance saioak izango dira protagonista. Hitzorduak azaroaren 11tik abenduaren 3ra bitartean garatuko dira.

Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina, bertso txapelketa batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Laugarren urtez, badator ‘Kulturaldia 2023’ Uribe Kostara. Azaroaren 11n hasi eta abenduaren 3ra arte, hilabete batez, kultura-ekitaldiak euskaraz eta doan gozatzeko izango dute Plentzia, Gorliz, Lemoiz, Urduliz, Sopela eta Barrikako bizilagunek. Ekimenak Uribe Kostako eskualdea osatzen duten udalerrietan euskararen erabilera sustatzeko eta indartzeko helburua duten bederatzi jarduera kultural biltzen ditu.

Lehenengo hitzordua Plentzian izango da, azaroaren 11n, Eire eta J Martina taldeen kontzertuarekin. Azaroaren 18, 19 eta 26ko asteburuan ez da kale animaziorik faltako Lemoizen (Kalejira Mitologikoa), Gorlizen eta Urdulizen, hurrenez hurren. Gainera, Afrika Bibangen musika hilaren 19an entzungo da Gorlizen, eta X Sakarak 25ean Urdulizen joko du. Sonakay taldea aldiz, 26an arituko da, Urdulizen baita.

Aurten gainera, nobedade gisa, Gorlizen (azaroak 18, ondoren Olaia Inziarteren kontzertua) eta Urdulizen (azaroak 25, ondoren X Sakararen kontzertua) Pole Dance saioak izango dira. Dantza honen elementu nagusia barra bertikal finko bat da, eta dantzariak barra horren gainean egiten du bere jarduera.

Abenduaren 1ean, publikoak Ane Labaka, Sustrai Colina, Nerea Ibarzabal eta Imanol Uriaren bertsoez gozatzeko aukera izango du. Abenduaren 2an aldiz, sopeloztarrek Xabi Aburruzagaren musikarekin eta Meñakozen dantzekin disfrutatzeko aukera izango dute. Eta bukatzeko, ‘Kantu Kolore’ ikuskizunak amaiera borobila emango dio programazioari abenduaren 3an, Barrikan, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen ere.