GAUR8 - mila leiho zabalik

Georges Lacombe hizkuntzalariaren artxiboari eta bibliotekari buruzko erakusketa, Bergarako Olaso Dorrean

‘Ontzako urrearen truk’ erakusketa zabaldu dute Bergarako Olaso Dorrean, Georges Lacombe hizkuntzalariaren artxibo ikusgai jarriz. Xahoren Kantutegia eta Bonaparteren gutunak daude harribitxien artean.

Andres Urrutia, Maite Atistegi eta Gorka Artola, erakusketaren aurkezpenean. (Euskaltzaindia)

«Euskararen historia eta Euskal Herriaren historia ezagutzeko dokumentu ezinbestekoak gordetzen ditu» Georges Lacombe hizkuntzalari eta euskaltzain osoaren artxiboak. Horietako batzuk Bergarako Olaso Dorrean ikusi ahal izango dira, Euskaltzaindiak, Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako erakusketan.

‘Ontzako urrearen truk’ izenburua du abenduaren 1era arte ikusgai egongo den erakusketak. Hamar panelez osatuta dago eta dokumentu eta liburu jakin batzuk erakusteko, beira-arasak jarri dituzte.

«Georges Lacombe euskarari lotutako dokumentu oro biltzen saiatu zen bizitza osoan; horretarako, bere ondasunak erabili zituen oparo», azaldu dute antolatzaileek. Izan ere, hainbat artxibo-funts erosi zituen biltzaileak hil ostean, gogoratu dutenez, eta «ondorioz, esan daiteke XIX. mendeko euskalaritzari buruzko funts nagusietakoa bildu zuela, agian nagusia, guztiz ezinbestekoa euskal kulturaren historia ezagutzeko», gogoratu dute.

Harribitxi horien artean, Xahoren Kantutegi ospetsu eta Louis Lucien Bonaparteren gutunak daude. Georges Lacombe beraren, Telesforo Monzonen eta Maria Josefa Ganuzaren biografia laburrak ikus daitezke.

Bi hitzaldi, eta Monzondarrak

Bi hitzaldi izango dira Olaso Dorrean erakusketaren harira Lacomberen funtsaren garrantzia azaltzeko. Lehenengoa azaroaren 23an izango da, 19.00etan, Jabier Kaltzakorta ikertzaile eta euskaltzain osoak eskainia. «Artxibo eta bibliotekaren nondik norakoak argituko ditu», aurreratu dutenez.

Azaroaren 29an izango da bigarren hitzordua, Telesforo Monzonen kulturgintzaren ingurukoa, Pako Sudupe hizkuntzalari eta idazlearen esku.

«Esfortzu handia egin dute bai Olaso Dorrea Fundazioak bai Udalak, eta erakusketaren emaitza ikusita, eskertzekoa da benetan. Lacombe euskal kulturaren bilatzaile nekaezina izan zen, eta Euskaltzaindiak harek jasotakoa euskal gizartearen esku jarri nahi izan du, Euskararen Akademiaren helburuetako bat horixe baita: euskal kulturaren transmisioa», adierazi du Andres Urrutia euskaltzainburuak erakusketaren aurkezpenean.

Telesforo Monzon eta Maria Josefa Ganuza senar-emazteek Lacomberen agiritegia nola eskuratu zuten azaldu du Maite Aristegi Olaso Dorrea Fundazioko kideak, erakusketak berak daraman izenburua azalduz. Izan ere, «kilo bat urreren truke» eroski zioten Lacomberen alargunari «hizkuntzalariaren agiritegiaren idazki eta liburu artxibo mardularen zati esanguratsua».

Nabarmendu duenez, euskara eta euskal kulturak pairatzen zuten «sasoi ilun» hartan, «mirestekoa da Monzondarrek egindako esfortzua ondare nazional hau Euskal Herrian gera zedin».

Andres Urrutiak, Maite Aristegik eta Gorka Artola Bergarako alkateak aurkeztu dute erakusketa. Artolak azaldu duenez, urteetan ez da posible izan Monzonek eta Ganuzak erositako «bilduma aberats hau jendartera zabaltzea». «Erakunde eta eragileon elkarlanari esker bergarar zein euskaldun guztion eskura izango dira», erantsi du, prozesuan parte hartu duten pertsona guztiei eskerrak emanez.