GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaurko egunez zendu zen Stan Lee, Marvel unibertsoaren sortzailea

Stan Lee, Marvel unibertsoaren sortzailea, azaroaren 12an hil zen duela bost urte. Komikigilea, editorea, gidoigilea eta ekoizlea izan zen eta hainbat superheroi sortu zituen, hala nola, Fantastic Four, Spiderman, Hulk, Iron Man, Daredevil, Doctor Strange eta X-Men.

Stan Lee. (EUROPA PRESS)

Stan Lee New Yorken jaio zen 1922ko abenduaren 28an eta 2018ko azaroaren 12an, gaurko egun batez, hil zen Los Angelesen. Komikigilea, editorea, gidoigilea eta ekoizlea izan zen.

1929ko kraxaren ondoren, diruz larri zebiltzan haren etxean, eta egoera itogarri hartan, ihesbide zitzaion fantasia. Gutxi irauten zioten lanetan hasi zen eta, azkenean, osabak bere lantokian hartu zuen, Timely Comics argitaletxean lan txikiak egiten hasi zelarik. Destroyer izan zen han sortu zuen lehen pertsonaia, superbotereak zituen nazien kontrako mediku bat. Egiten zizkioten enkargu gehienetan, baina, munstroak eta izaki beldurgarriak eskatzen zizkioten eta Leeri ez zitzaion gustatzen.

Dena uztekotan izan zen arren, ordura arteko lan egiteko modutik askatu eta The Fantastic Four kaleratu zuen 1961ean. Hura izan zen Leeren marka bilakatuko zen Marvel unibertsoaren lehen hazia. Superheroiek borroka baino gehiago egin zezaketela erakutsi zuen, eta aitzindaria izan zen hainbat gai sozial binetetara eramaten.

1972an, osabaren argitaletxeko editore postua hartu zuen, komikizaleen ikono bihurtua zen ordurako. Hurrengo arrakasta kolpea Marvel bere sorkuntzak pantaila handira eramaten hasi zirenean heldu zitzaion.

Ez zion inoiz utzi idazteari, Marvelentzat egiten zituen proiektuak edo bere ekoiztetxe propioan sortzen zituen lanak. 2015ean, autobiografia kaleratu zuen, binetaz bineta idatzitakoa.