GAUR8 - mila leiho zabalik

Lazkaoko Beneditarren artxibora bisita: iraganetik oraina ulertzen

Orain dela 50 urte Juan Jose Agirrek martxan jarritako proiektua erreferentzia nagusi bilakatu da Euskal Herriko historia garaikidea ikertu nahi dutenentzat, eta bertan egiten duten lana gertutik ezagutu nahi izan dugu.

Este navegador no soporta el elemento video.


«Hau dokumentazio gune bat da eta bertan orotariko materiala daukagu, batez ere Euskal Herriko azken hamarkadak ezagutzeko. XIX. mendeko bukaeratik hasita, baina batez ere XX. mendeko 1960-1970eko hamarkadetatik gaur egunera artekoa. Lantzen dugun gaia batez ere politika da, politika zentzurik zabalenean hartuta, mugimendu sozialak barne. Eta material hori guztia daukagu ikertzaileen eskura: biblioteka, hemeroteka, kartelak, pegatinak, guk sortutako bilduma dokumentalak eta dohaintzan jasotako artxiboak», azaldu digu Miren Barandiaranek Lazkaoko Beneditarren dokumentazio gunea ezagutzeko egin dugun bisitari ekiteko.

2010ean inauguratu zen eraikin berria ezagutzeko aukera izan dugu, monasterioaren ondo-ondoan dagoena. Beheko solairuan bulegoak eta ikerketa gelak daude, eta eskailerak igota heldu gara gordailu nagusira. Espazio zabala da, soila bezain egituratua, ordena ezinbestekoa baita milaka dokumentu gordetzeaz ari garenean.

80.000 kartel, 35.000 pegatina, 8.000 argitalpeneko hemeroteka... Kopuruak izugarriak dira, baina hori kudeatzeko baliabideak mugatuak: 93 urterekin oraindik ilusioz beteta lanean jarraitzen duen Juan Jose Agirre eta beste hiru pertsonako taldetxo bat. «Pertsona bat kartelez eta pegatinez arduratzen da, material grafikoaz; beste pertsona bat ehuneko ehunean bilduma dokumentala deskribatzeaz arduratzen da; eta nik arduradun bezala apur bat denetik egiten dut, dohaintzen kudeaketa, lan administratiboa... Horiek gara, ez dago gehiago», dio Mirenek.

Miraria nola den posible larunbat honetan azaltzen saiatuko gara.