GAUR8 - mila leiho zabalik

KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola, abenduaren 11tik Donostiako Cristina Enean

KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola Donostiako Cristina Enea Fundazioan egingo da aurten eta dagoeneko zabalik dago izen-ematea. Aurreko edizioetan 680 pertsonak hartu dute parte, 69 proiektu jarri dira abian eta 135 proiektuk jaso dute bidelaguntza.

KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola. (KoopFabrika)

KoopFabrikaren Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola abenduaren 11n abiatuko da eta 12 formazio saio izango dira, otsailaren 7ra arte. Proiektu ekonomiko kooperatiboak eta komunitarioak sortzeko prozesuan laguntza ematen du eskolak, proiektuen atal ezberdinak landu eta Ekonomia Sozial Eraldatzailean kokatzeko ikasgaiekin.

Aurtengo nobedade gisa, formakuntza saio guztiak Donostiako Cristina Enea Fundazioan izango dira, astelehen eta asteazkenetan, 16.00etatik 19.00etara. Izen-ematea doakoa da webgunean. Formakuntzen ondotik bidelaguntza edo akonpainamendu-aldia eskainiko du KoopFabrikak, hala behar duten proiektuentzat.

Olatukoop, Lanki (Mondragon unibertsitateko Kooperatibismoaren Ikertegia) eta GEZKI (EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua) dira KoopFabrikaren sustatzaileak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruko Departametuak finantzatzen du proiektua.

2017an abian jarri zenetik, proiektu bizien bidelagun izan da KoopFabrika. 680 pertsonak hartu dute parte, 69 proiektu jarri dira abian eta 135 proiektuk jaso dute bidelaguntza. Horretaz gain, Ekintzailetza Sozial Kooperatiboko hainbat programa eta proiektu sustatu dira, Gipuzkoan zein Euskal Herriko beste lurraldeetan.