GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Ehunezko kartografiak: Istorioak josten munduko emakumeekin’ erakusketa ikusgai dago Bizkaia Aretoan

Munduko emakumeen istorioak eta haien bizitzak islatzen dituzten 200 lan baino gehiago biltzen duen erakusketa osatu dute EHUko Psikodidaktikako masterreko ikasleek eta Hezkuntza Fakultatekoek, ehunezko eta entzunezko formatuko lanen bidez. Bizkaia Aretoan dago ikusgai.

Erakusketa EHUko Bizkaia Aretoan dago ikusgai. (Mitxi | UPV/EHU)

Ehunezko eta soinuzko 200 obra inguru biltzen ditu Bizkaia Aretoan ikusgai dagoen ‘Ehunezko kartografia. Istorioak josten munduko emakumeekin’ erakusketak. «Isilaraziak eta baztertuak izan diren emakumeei buruzko istorioak» dira, ehunezko eta entzunezko formatuan.

Euskal Herriko Unibertsitateko Psikodidaktikako masterreko ikasleekin hasi zen proiektua, eta Hezkuntza Fakultateko Musika Hezkuntzaren aipameneko ikasleak gehitu ziren.

Alde batetik, emakume migratzaileei eman zaie ahotsa, euren errealitatea agerian utziz. Emakumeen bizipenei buruz hitz egitea aukeratu dugu», azaldu dute sortzaileek. «Horrela, emakume migratzaileen istorioak jaso, entzun, transkribatu, eta beren ideiak 10x10 laukietan adierazi zituzten. Istorio horiek ere sonorizatu zituzten, horietako bakoitzeko soinu-mapak sortuz, haientzat zer adierazten zuen irudikatuz», zehaztu du Cristina Arriaga erakusketaren arduradunak.

Hezkuntza Fakultateko ikasleek musikaren arlotik jorratu dute «eskola-curriculumetan eta gizarte guztietan isilaraziak izan diren emakume interpretatzaile eta musikagileekin». Iskandar Rementeria Bilboko Hezkuntza Fakultateko irakaslearen esanetan, emakume horiek «bizitzak sonorizatu» dituzte, musika-atal laburrak konposatuz, eta emakume hauei buruzko soinu-mapak osatu dituzte.

Erakusketa astelehenetik ostiralera dago ikusgai, 8.00etatik 20.00etara. Sarrera doakoa da.