GAUR8 - mila leiho zabalik

2,35 milioi euroko Europako laguntza jaso du Amaia Cipitria ikerlariak bularreko minbizia ikertzeko

Bularreko minbiziaren ikerketan aurrera egiteko 2,35 milioi euroko laguntza jaso du Amaia Cipitria euskal ikertzaileak. Ikerlana zentratuta dago metastasia atzeratzeko edo prebenitzeko terapia berrien garapena ahalbidetuko duten teknologian.

Amaia Cipitria doktorea Biogipuzkoa Institutuko Birsorkuntza eta Minbiziko Bioingeniaritza taldeko buru eta Ikerbasque ikertzailea da. (Ikerbasque)

Europako Ikerketa Kontseiluak (ERC, ingelesezko siglengatik) ‘ERC Consolidator Grant’ izeneko laguntza eman dio Biogipuzkoa Osasun Ikerketako Institutuko Birsorkuntza eta Minbiziko Bioingeniaritza taldeko buru eta Ikerbasque ikertzailea den Amaia Cipitria doktoreari.

Laguntza 2,35 milioi eurokoa da eta ‘Dormatrix’ proiektua garatzeko erabiliko da. Proiektuaren helburu nagusia biomaterialak eta mikrofluido gailuak erabilita bularreko minbiziaren latentzia modelatzea da, gertaera emergente kolektibo gisa.

Ikerbasquetik jakinarazi dutenez, Cipitria doktoreari eman zaion dirulaguntzak balioko du gailu berriak garatzeko eta bularreko minbiziaren metastasi klinikoa baino lehenagoko latentzia fase ikusezinari buruzko ezagutza berriak sortzeko. Horrek aukera emango du metastasiak atzeratzeko edo prebenitzeko.

Cipitriak adierazi du «oso hunkituta» dagoela proiektuarekin eta eskerrak eman dizkie bere ikerketa taldeari, taldeko kide izandakoei, Biogipuzkoako lankideei, zientzia komunitateko lankideei, bere ibilbidean zehar izandako kolaboratzaileei, ikuskatzaileei eta aholkulariei eta familiari, «hainbeste pertsonaren laguntzarik gabe hori ezinezkoa zatekeelako».

«Ilusio handiz»

«Eta, jakina, ilusio handia egiten dit ‘Dormatrix’-ek ikertzeko eman digun aukerak, garatuko diren teknologia berriek eta sortuko diren ezagutzek etorkizunean metastasia atzeratzeko edo prebenitzeko terapia berrien garapena ahalbidetuko duten ikuspegitik begiratuta», azaldu du.

Amaia Cipitriak ingeniaritza ikasi zuen Nafarroako Unibertsitateko TECNUNen, eta Materialen Zientziako eta Metalurgiako doktoretza egin zuen Cambridgeko Unibertsitatean (Britainia Handia). Ondoren, Queenslandeko Unibertsitate Teknologikoan (Australia), Berlingo Charite Unibertsitate Ospitalean (Alemania) eta Max Planck Institutuan (Alemania) egin zuen lan, eta 2021ean Biogipuzkoara batu zen Ikerbasqueko ikertzaile elkartu gisa.

Bere ikerketa lan handiaren erakusgarri dira zientzia aldizkarietan argitaratutako artikulu kopurua eta Espainiako Estatuko zein nazioarteko hainbat ikerketa proiektu lideratu izana.