GAUR8 - mila leiho zabalik

Bermeok Gabonetako azoka antolatu du 8an eta 9an bertako merkatariekin euren lana ezagutarazteko

Bermeoko merkatariak protagonistak dituen Gabonetako azoka egingo dute Lameran, 8an eta 9an. Saltokiez gain hitzorduak kontzertuak eta jolasgunea izango ditu, besteak beste. Produktu eta zerbitzuen gida osatzeko, izena emateko liburua eskainiko dute.

Azoka hilaren 8an eta 9an egingo dute, Lameran. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bermeoko Udalak, Berton merkatarien elkartearekin elkarlanean, Gabonetako azoka antolatu du abenduaren 8an eta 9an, Gabon Bermiotarrak ekimenaren barruan. Udalerriko merkatariek osatzen dute azoka, euren produktua eta lana ezagutarazteko helburuarekin.

Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, lehen aldiz, Udalak eta Berton herriko merkatarien elkarteak udalerriko merkatariz osatutako gabonetako azoka bat antolatzeko konpromisoa hartu dute. Ekitaldi horrek ongietorria emango die 2023ko Gabonei, datorren ostiraletik, abenduaren 8tik, aurrera.

Xabi Ortuzar Bermeoko alkateordeak nabarmendu duenez, herriko merkatarien lana «balioetsi» nahi dute, eta udalerriko merkataritza «nabarmendu eta indartu».

Ildo horretatik, Ortuzarrek adierazi du Udalaren asmoa dela «Gabon aurreko azoka hau urtero egiteko tradizioa ezartzea».

Gune ezberdinak

Ekimenak 30 postu izango ditu eta Lameran izango da, hainbat gunetan banatuta: oparien eta erakusketetarako bat, kontzertuetarako beste bat, solasaldietarakoa, gazteentzako jolasgunea eta gastrotxokoa.

Gainera, azokan bertan, Bermeoko produktuen eta zerbitzuen gida bat egiteko izen-emate liburu bat jarriko da udalerriko enpresa eta autonomo guztien eskura.

Ortuzarrek adierazi duenez, gida honek etxe guztietan tokiko produktuen eta zerbitzuen katalogo bat izatea ahalbidetuko du.

Bertaratzen direnek, Gabonetarako opariak eskuratzeaz gain, hainbat jardueraz gozatu ahal izango dute. Ildo horretan, alkateordeak gaineratu du azoka bat antolatu nahi izan dela, herritarrak eta merkatariak batzen dituena, Bermeoko biztanleen parte-hartzea sustatzeko helburuarekin.

Gabonetako Azokak «magiaz eta jai-giroz beteko du Lamera, eta herritarrek beste hainbat jardueraz gozatzeko aukera izango dute», erantsi du Ortuzarrek.