GAUR8 - mila leiho zabalik

Abian daude Lezon 30 jarduera inguru Gabonak ospatzeko

Gabonen inguruko ospakizunen barruan hainbat proposamen aurkituko dituzte lezoarrek Udalak prestatutako programazio berezian. Hitzordu nagusien artean, Euskal Liburu eta Diska Azoka, Santomas eguna eta Pirritx, Porrotx eta Marimototsen bisita, urtarrilaren 5ean.

Pirritx, Porrotx eta Marimotots urtarrilaren 5ean egongo dira Lezon. (Maialen ANDRES | FOKU)

Gabonetako ospakizunak abian daude Lezon, eta udal programazioari dagokionez, urtarrilaren 5era arte luzatuko da 30 ekitaldi baino gehiagorekin. Musika, dantza eta zinema uztartzen ditu egitarauak eta tradizio handiko hitzorduen atalean, abenduaren 17a da gorriz idatzitakoetako bat, Santomas eguna ohiko osagaiekin helduko baita beste urte batez Karlos Saldise plazara. Azokako saltokien ondoan, gainera, ohiko talo eta edarien eskaintza izango da.

Bestalde, abenduaren 15etik 22ra, Euskal Liburu & Disko Azoka egingo dute Kultura Aretoan. Udalak zehaztu duenez, aurten ere eskuragarri egongo dira ‘Literatur Bonoak’. Era horretara, Liburu Azokan 20 euroko erosketa egiteagatik 6 euroko opari bonua eskuratuko dute lezoarrek, «euskaraz idatzitako literatura eta pentsamendu argitalpenak» sustatzeko helburuz.

Gabonetako programazioan, mendi ibilaldia, literatur solasaldiak, kontzertuak, audizioak, antzerkia edota elkartasun janari bilketa eta haur zinema izango dira herrian egunotan.

Abenduaren 24an eta 25ean, Olentzero eta Mari Domingi izango dira protagonista nagusiak, noski, eta gabonetako programazioa ixteko, urtarrilaren 5ean, Pirritx, Porrotx eta Marimots egongo dira Lezon, Bekoerrota kiroldegian, ‘Ez gara jaitsiko’ emanaldia eskaintzeko.