GAUR8 - mila leiho zabalik

Aiaran, haurrek eramaten dizkiote jostailuak Olentzerori

Igandean, Menoio aldean ibili dira haurrak Olentzeroren bila, eta bertan jostailuz beteriko poltsak utzi dituzte. Olentzero Solidarioa izena du ekimen aiararrak, eta urtero gabonen aurretik ospatzen dute. Josu Artetxe talde sortzaileko kideak azaldu du ekimena zertan datzan.

Este navegador no soporta el elemento video.


Aiaran, eguberriak baino aste batzuk lehenago, haurrek jada erabiltzen ez dituzten jostailuak prestatzen dituzte Olentzerori emateko. Olentzero Solidarioa izeneko ekitaldira eramaten dituzte, gero horiek beste proiektu batzuetara bidera ditzaten, baina guzti hori egin aurretik beste abentura txiki bat hasten da txikientzat, gora eta behera dabilen Olentzero lanpetua aurkitu behar baitute, haren lagunen hitzak jarraituz.

Ekimena, beraz, ikazkinaren bila abiatzen da, eta ez da Olentzero eguneko izar bakarra, Mari Domingi eta pertsonaia mitologikoak dira antzezpenaren protagonistak, txikien ilusioa eta elkartasunezko balioak pizten dituen ekimen xume batean, herritarrek eurek egina.

Aurtengo edizioa igandean ospatu zen Menoion, Aiarako udalerria osatzen duten 24 herrietako batean. Izan ere, urtero herri ezberdin batean egiten dute, eta ekitaldiak antzeko eskema jarraitzen du. Mari Domingirekin batera ibilbide bat egiten dute familiek Olentzero aurkitu arte.

Olentzero Solidarioaren azken edizioa, pasa den igandean. (Etxaurren Ikastolako Guraso Elkartea)

Bidean zehar, pertsonaia mitologikoak agertzen dira puntu ezberdinetan, lagun taldea ikazkinarengana bideratuz. Olentzero agertzen denean, etxeko jostailuak emateko unea da. Ondoren, Olentzerori pertsonan gutuna eman, hari begira denbora luze egon edota jolasean ibiltzeko tartea izaten dute txikienek, txokolatea eta mokadutxoren bat hartu bitartean.

Helburu ezberdinekin

Aiarako Biltoki kultura elkarteak sortu zuen ekitaldia duela 12 urte, eta sorreratik helburu ezberdinak uztartu ditu. Josu Artetxe taldeko kideak eman ditu ekitaldiaren inguruko zehaztapen batzuk. Izan ere, alde batetik, Gabonen inguruan euskal kultuta bulatzatzeko helburuz jaio zen, baina baita beste erronka batzurekin ere, adibidez kontsumismotik aldentzeko ekimen bat sortu nahi zuten, eta ikuspegi herrikoi batetik egina, kostu eta azpiegitura handien beharrik gabea, ekitaldi xumea, herrian bertan egina.

Zehaztu duenez, Olentzero eta Mari Domingi dira ardatz nagusiak, baita euskal pertsonaia mitologikoak ere: lamiak, galtzagorriak, Tartalo, Basajaun, Nicolasa...

Beste alde batetik, herrixka sakabanatuez osatuta dago Aiara udalerria, eta errealitate horren aurrean, eta herrien arteko harremanak bultzatzeko, ekitaldia aukera bat zen herririk herri ibiltzeko, eta Olentzero Solidarioaren eskutik batzuetan ezagutzen ez diren herri txiki horiek bisitatzeko, gertuagotik ezagutzeko.

Ekitaldiaren hirugarren zutabea elkartasunarekin lotuta dago, eta hortik dator Olentzero Solidarioa izena. Haurrek Olentzero aurkitzen dutenean, opariak jaso beharrean etxean dituzten jostailuak ematen dizkiote beste haur batzuek goza ditzaten.

Guraso elkartea eta Batzar Administratiboak

Hamabi urteko ibilbide horretan, ekimenak Etxaurren Ikastolako Guraso Elkartea izan du ondoan. Ikatetxeko azken mailetako ikasleak galtzagorriak izaten dira, gurasoek pertsonaiaren bat antzeztu behar dute askotan... Udalaren laguntzaz gain ekimenak ondoan izaten ditu Batzar Administratiboak, eta elkarlan hori ere azpimarratu du taldeak.

Aurten Menoion geratu dira Olentzero eta lagunak, mendilerroaren magalean. Datorren urtean, magia sortzeko erronkak jauzi egingo du beste herri batera.

Olentzero eta Mari Domingi, galtzagorriekin. (Etxaurren Ikastolako Guraso Elkartea)