GAUR8 - mila leiho zabalik

Olentzero ezagutzeko ipuin berria dute Agoitzen

Agoizko Haur Eskolan ikazkin ezagunaren inguruko ipuina sortu dute, pertsonaia kultura ezberdinetako haur eta familiei ezagutarazteko, euskal kultura eta tradizioa transmitituz. Sormen prozesuan, tokiko eragileen parte hartzea izan da.

‘Olentzero Agoitzen’ ipuina aurkeztu dute. (Agoizko Herri Eskola)

Agoitzen, Olentzero hobeto ezagutzen laguntzen duen ipuina plazaratu dute egunotan. Ekimena Agoizko Haur Eskola kudeatzen duen Taupadak kooperatibak sustatu du, kultura ezberdinetako haur eta familiei ikazkina aurkeztu, eta haren inguruko istoriora hurbiltzen laguntzeko helburuz.

«Bizi dugun kultura-aniztasuna gero eta handiagoa da, eta beraz, gure txiki guztiek Olentzero ezagutzearen garrantzia ikusten genuen hezkuntza-taldean», azaldu du Joseba Coreak, ekimena bultzatu duten gogoeten inguruan.

Proiektua garatzeko hausnarketa prozesu bat burutu dute herrian, hainbat bileratan, proiektua itxi arte. Hezkuntza-taldeak egindako lan pedagogikoari jarraipena emanez, «0 eta 100 urte bitarteko haurrak modu grafikoan eta sinplean kontatzeko abenturan murgildu dira», azaldutakoaren arabera.

«Aberasgarria izan da guztiok elkarrekin partekatzea orainaren eta etorkizunaren belaunaldiari jakinarazi nahi geniona, gure ohiturak islatu eta gure kultura modu inklusiboan ezagutarazi nahi genien», adierazi du Garazi Labianok.

Tresna berria

Olentzero gelan aurkezteaz gain, hezkuntza taldearentzat ipuina haur bakoitzaren emozioak eta beharrak lantzeko aukera eskaintzen duen tresna ere bada.

Gabonek duten izaera emozionala kontuan hartuta, ipuinaren bukaeran familiek jarraibide batzuk aurkituko dituzte.

Nabarmendu dute, bestalde, prozesu osoa tokiko eragileekin egiten saiatu direla, eta Alfredo Leon Mañu ilustratzaile agoiztarra eta ‘Olentzero Agoitzen’ ipuinaren maketatzailearen laguntza izan dutela.

Agoizko Liburutegi Publikoan haurrei eskainitako aurkezpenaren ostean, ostiral honetan ipuin kontaketa bat egingo dute herriko Panpoxa dendan, 17.00etan. Liburua eskuragarri dago denda horretan eta Agoizko Herri Eskolan, hamar euroren truke.