GAUR8 - mila leiho zabalik

Arabako Foru Aldundiak harrera egingo die bihar babesgabetasun larrian dauden haurrak hartu dituzten familiei

Babesgabetasun egoera larrian dauden 89 adingabe harreran dituzten 76 familia arabarrek Foru Aldundiaren eskertza eta aitortza jasoko dute bihar ekitaldi batean Artiumen. Une honetan, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako harrera familiek dute lehentasuna, baina beste 30 haur nagusiago daude egoitza baliabideetan.

Irudian, familiak haur txikiekin paseatzen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Foru erakundeak harrera egingo die bihar babestasun egoera larrian dauden adingabeen zaintzaren ardura hartu duten 78 familiei.

Pandemia heldu arte urtero egiten zen ekitaldi hori, haurrak hartu dituzten familiei eskerrak eman eta aitortza egiteko, «adingabe horiek zaindu eta haien ongizateaz arduratzeagatik».

Foru Aldundiak emandako datuen arabera, gaur egun 89 adingabe bizi dira harreran 76 familiatan. Familia horietatik 42 haurren hurbileko senitartekoek osatuak dira. Ekitaldia Artiumen izango da, 18.00etatik aurrera, eta Besarkaren (Adingabeak Hartzearen aldeko Arabako Elkartea) parte hartzea izango du.

Gogoratu duenez, harrera familiak babesgabetasun egoeran dauden haurrak babesteko tresnak dira, jatorrizko familiarekin itzuli ahal izan arte, haur horiei ingurune egonkorra ematea bilatzen baita.

Hiru urte artekoak

«Une honetan, 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzako harrera familiak lehenesten dira, harrera egoitza batean bizitzea ez den beste aukera bat eskaintzeko, haien bizitzan hain garrantzizkoak diren lehen hilabeteetan edo urteetan», azaldu dute Diputaziotik, eta zehaztu dute harrera familiekin bizi ahal izango liratekeen eta nagusiago diren beste 30 haur daude.

Nabarmendu dutenez, momentuz zainduak izan ezin diren haur horiek instituzionalizatzea saihestea da lehen helburua, ingurune naturalago eta atseginago batean haz daitezen, eta «segurtasuna, konfiantza, maitasuna eta beste esperientzia batzuk» bizi ditzaten. Esperientzia aberasgarria da, era berean, harreragileentzat, azpimarratu dutenez.

Foru Aldunditik zehaztu dutenez, familia profil guztiek har dezakete haur bat harreran, izan familiek, bikoteek, bikoterik gabeko pertsonek, seme-alabak dituztenek edo ez dutenek.

Familia Harrera Laguntzeko Programarekin harremanetan jartzeko bideak ere gogoratu dituzte: 945 77 30 52 telefono zenbakia eta acogimiento@araba.eus helbide elektronikoan.