GAUR8 - mila leiho zabalik

Euskal esoterismoak Bizkaian inspiratutako tarot berria dauka

Bizkaiaren omenezko tarota aurkeztu dute Bilbon. ‘Tarot Bizkaino’ izena du eta herrialdeko leku, pertsonaia eta zenbait borroka sozialetan inspiratu da. 40 urte dira azken euskal tarota argitaratu zutenetik, eta eskari handia dago, euskal kultura eta mitologiarekiko interes handiari erantzunez.

Este navegador no soporta el elemento video.


Euskal esoterismoak Bizkaiari eskainitako lehen tarota dauka. Jose Navas Deufortek sortu du Oraculo de Delfos Bilboko esoterismo-espazioko kideen laguntzarekin, eta Bizkaia du ardatz nagusia, euskal mitologiarekiko erreferentzia ugarirekin.

Bilboko kaleak, Ezkerraldea edo Uribe Kosta bezalako eskualdeak, ibaiak, mendiak eta ikono bizkaitar ezagun batzuk izan dira inspirazio iturri egilearentzat. Era berean, hainbat borroka sozialei egindako keinu ugari aurki daitezke, pentsiodunen mugimendua, feminismoa edota LGTB+ kolektiboaren eskubideen aldekoa, besteak beste. Pertsonaia ezagunak ere agertzen dira, Aita Barandiaran eta Dolores Ibarruri ‘Pasionaria’, kasu.

Tarot berriaren zenbait karta, irusian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

«Oso aldarrikatzailea naiz», adierazi zuen Navasek bere sormen lana azaltzean. Asteazken iluntzean aurkeztu zuten tarot berria Askaoko dendan, karta-sortaren beste protagonista baten parte hartzearekin, Yogurinha Borova.

Tarotak dituen 78 arkanoek Bizkaiarekin edota euskal mitologiarekin lotutako irudi bat dute bertsio berrian. Tarotaren azalean magoa agertzen bada, ‘Tarot Bizkaino’-n, haurdun dagoen emakume baten irudia dago, Omako Basoan. Zorionaren gurpilari dagokion kartan, Labe Garaiak daude, adibidez. «Niretzat iraganetik orainera doan gurpil bat da», azaldu zuen Navasek, eta ‘Mundua’ izenekoari Yogurinha Borovak eman dio irudia. «Dantza eta alaitasuna» islatu nahi zituen egileak, eta euskal artista polifazetikoak ezaugarri guzti horiek biltzen ditu, aurkezpenean bertan erakutsi zuenez.

Irudiak gainera, bere istoriotxoa du. Yogurinha Borova Marijaiaz mozorrotzen da urtero egun batean Aste Nagusian, eta irudi hori hartu du egileak karta ilustratzeko. Artista laudioarrak pozez hartu du keinua. Azaldu zuenez, «pailazo arima hori» dauka, eta «alaitasuna transmititzen saiatzen» da. «Ez dut tarota kontrolatzen baina energia bai» erantsi zuen, eta Marijaiaren antzera, jaiaren erregina bihurtu zen aurkezpenean bertan. Publiko guztia jarri zuen dantzan, ‘Amona Molona’ bere azken diskoaren kanta pare bat abestuz.

Ricardo Palmeiro, Jose Navas eta Yogurinha Borova, aurkezpenean. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lau hamarkadaren ostean

«Iragana interesatzen zitzaigun, historia, eta herri eta nazio gisa zain duguna» azaldu zuen Ricardo Palmeirok, eta zehaztu zuen Rider tarotaren eredua jarraitu dutela. Nabarmendu zuenez, urtebeteko ikerketa lana dago tarot berriaren atzean. Edizio hau elebiduna da eta aurreratu zuenez, ziurrenik euskara hutsezko edizio bat egongo da, baita liburu bat ere.

Tarot berriaren harira, aipatu zuen azken lau hamarkadatan ez dela euskal tarotik argitaratu, baina eskaria handia da, handituz doan euskal kultura eta mitologiarekiko interesaren ondorioz.