GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaurko egunez sinatu zuten Daytongo Akordioa Parisen, 1995ean

Slobodan Milosevic (Serbia eta Montenegroko presidentea), Alija Izetbegovic (Bosnia-Herzegovinako presidentea) eta Franjo Tudman (Kroaziako presidentea) izan ziren sinatzaileak, Bosniako gerrari amaiera emanez.

Daytongo Akordioaren osteko lurralde zatiketa. (PANONIAN | WIKIPEDIA)

Bosnia-Herzegovinako Bakerako Egituraren Ituna, Daytongo Akordioa bezala ezagunagoa dena, 90eko hamarkadaren hasieran Balkanetan izandako gerraren osteko bake hitzarmena izan zen, zehazki Bosniako gerrari amaiera emateko Serbia eta Montenegro, Bosnia-Herzegovina eta Kroaziako presidenteek 1995ean sinatu zutena. Akordio horren ostean, Bosnia-Herzegovina bi entitate politiko konfederatutan banatu zen: Bosnia-Herzegovinako Federazioa eta Bosniako Serbiar Errepublika.

Bake konferentziari izena egin zen lekuak ematen dio, Daytongo (Ohio, AEB) Wright-Patterson base militarrean egin baitzen, 1995eko azaroaren 1aren eta 21aren artean. Bertan izan ziren Slobodan Milosevic (Serbia eta Montenegroko presidentea), Alija Izetbegovic (Bosnia-Herzegovinako presidentea), Franjo Tudman (Kroaziako presidentea) eta AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Alemania, Italia, Errusia eta Europar Batasuneko ordezkariak. Estatu Batuetako ordezkariak, Richard Holbrookek, zuzendu zuen bake konferentzia, eta bere laguntzaileak Carl Bildt (Europar Batasuna) eta Igor Ivanov (Errusia) izan ziren.

Akordioaren izenpetze ofiziala Parisen egin zen 1995eko abenduaren 14an. Bill Clinton (AEBetako presidentea), Jacques Chirac (Frantziako presidentea), John Major (Britainia Handiko Lehen Ministroa), Helmut Kohl (Alemaniako kantzilerra), eta Viktor Txernomyrdin (Errusiako Lehen Ministroa) izan ziren lekukoak.

Balkanetako hiru estatu sinatzaileek onartzen zuten elkarren burujabetza errespetatuko zutela, beren arteko harremanak Nazio Batuen Gutunaren arabera garatuko zirela eta egon litezkeen eztabaidak era baketsuan konponduko zituztela.

Era berean, Bosnia-Herzegovina edo beste edozein estaturen subiranotasunaren edo lurralde osotasunaren aurkako ekintzarik ez egitea hitzartu zuten. Serbia eta Montenegrok eta Bosnia-Herzegovinak elkar onartu zuten estatu burujabe gisa eta nazioarteko bake indar baten hedapena onartu zen (NATOren Inplementazio Indarra edo IFOR bezala ezaguna dena).