18 DIC. 2023 Nazioarteko antropologia 200 jaiotzatan islatuta, Santxotena Museoan Artziniegako Santxotena Museoak 200 jaiotza baino gehiagoko bilduma du ikusgai, ikuspegi antropologikotik antolatutako erakusketa batean. Herri askoko ale horiek islatzen duten kultur ondare materiala eta immateriala nabarmendu dute. Añanako Gatz Haranari eskainitako alea. (Santxotena Museoa) Nerea Goti Artziniegan, Santxotena Museoak 200 jaiotza baino gehiago ditu ikusgai urtero data hauetan antolatzen duen erakusketan. Nabarmendu dutenez, 25 urte ez dira egunero betetzen, eta azken edizio honetan, gainera, pieza berriak daude. Horien artean, Añanako Gatz Haranako gatzgileei eskainitako ale bat dago. Azken honen inguruan, Teresa Lafragua Museoko zuzendariak aurreratu du 40ko hamarkadan gatza egiten zuten emakumeen lana nabarmendu nahi izan dutela, «oso indartsu eta ausartak» izan baitziren. Artziniegako museoan, urtarrialren 14ra arte ikusgai daude 200 jaiotza baino gehiago. (Santxotena Tailer Museoa) Jaiotzen kopuru handiaz gain –«jaiotza kopuru hori erakusten duen bakarra» baita, azpimarratutakoaren arabera– erakusketaren planteamendua bera ere azpimaratu dute. Izan ere, antropologia eta etnografiaren lanketaren ikuspuntutik dago pentsatuta. «Ez da jaiotzen erakusketa bat bakarrik, baizik eta mundu osoko herrietako arte, antropologia eta etnografia erakusketa bat, herri bakoitzeko patrimonio kultural materiala eta immateriala ezaguztera ematen dituena», adierazi du artziniegarrak, ohiturak, lanbideak, paisaiak eta tradizioak islatzen dituela erantsiz. Jaiotza palestinarrak ere ikus daitezke bilduman. Ikusgai dagoen aleetako bat, irudian. (Santxotena Tailer Museoa) Izan ere, bost kontinenteetako piezak daude bilduman, eta horien bidez, buztingile, zeramikari, beiragile, zizelkari edota errementarien lanari balioa eman, eta hainbat komunitateko lanbide tipikoak jasotzen dira. Jaiotzen erakusketa larunbat eta igandeetan bisita daiteke. Larunbatetan, 11.00etatik 14.00etara, eta 16.00etatik 19.00etara, eta igandean, goizeko ordutegian, 11.00etan hasita eta 14.00ak arte.