GAUR8 - mila leiho zabalik

‘European Wildlife Photographer of the Year 2023’ lehiaketako 36 argazki onenak ikusagi daude Urdaibaiko Ekoetxean

‘European Wildlife Photographer of the Year 2023’ lehiaketako 36 argazki onenak izango ditu ikusgai Urdaibaiko Ecoetxeak martxoaren 10era arte. «Espazio naturaletan eta planetako ekosistemetan barrena bidaia liluragarri» gisa aurkeztu du zentroak.

Urdaibaiko paisaia, irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urdaibai Ekoetxeak ‘European Wildlife Photographer of the Year 2023’ erakusketa inauguratu du, Naturaren Argazkilarien Alemaniako Elkarteak (GDT) antolatuta. Ekoetxeak azpimarratu duenez, 36 argazkik «espazio naturaletan eta planetako ekosistemetan barrena bidaia liluragarria» egitera eramaten dute ikuslea.

‘European Wildlife Photographer of the Year’ Alemaniako Natura Argazkilaritza Elkarteak (GDT) antolatzen du. Aurten XXIV. edizioa ospatu da, 42 herrialdetako 18.000 irudiren parte-hartzearekin. Saritutako irudiek osatuko dute datorren 2024an Europa osoan zehar ibiliko den erakusketa.

«Lehen mailako epaimahaiak, hautaketa-estandar altuak, irudi digitalen manipulazioaren aurkako jarrera argia eta epaimahaiarentzat ondo oinarritutako ebaluazio-sistema» ardatz izan dira 2001ean kaleratu zen lehiaketa honen «ospe bikainerako», azpimarratu du Ekoetxeak.

Ezaguna da, halaber, naturako argazkigintzako eta teknologia berrietako hainbat gairi irekita dagoelako, bai eta berrikuntza, sormena eta ezohiko konposizioak esploratzeko adorea sustatzeagatik ere.

Ekoetxea zentrotik nabarmendu dutenez, argazki guztiak ez dira edertasunean zentratzen, horietako batzuk «kontzientziak astintzera eta kasu batzuetan gizakiak naturaren mugak nola gainditu dituen erakustera bideratuta daude, eta hori baliabide naturalen eta gure eguneroko ohituren gehiegizko kontsumoari buruz hausnartzeko gonbidapena da».