22 DIC. 2023 Gaur X urte Karima Baloch balutxe aktibista hilda agertu zen duela hiru urte 2020ko abenduaren 22an, Karima Baloch hilda agertu zen Toronton, 2016tik bizi zen hirian, Pakistandik ihes egin ondoren. Balutxe aktibistaren heriotza Islamabadeko zerbitzu sekretuei egotzi zieten. Karima Baloch protesta baten buruan, Karatxi hirian. (BSO AZAD) GAUR8 Orain dela hiru urte, Karima Baloch Balutxe Ikasleen Erakundeko presidentekidea hilda aurkitu zuten Toronton. Baloch Kanadan bizi zen 2016tik asilo politikoa eskatu zuenean, Pakistango jazarpenetik ihes egin ondoren. Baloch 2020ko abenduaren 20an ikusi zuten azken aldiz bizirik. Balutxe Ikasleen Erakundeko presidentekide izandakoa Islamabadek balutxeen lurraldea okupatzearen aurkako ahots kritikoenetako bat ere izan zen. Izan ere, BBCk 2016ko ehun emakume «inspiratzaile eta eraginkorren» zerrendan sartu zuen. Balutxe mugimenduaren barruan, ahots ugarik eta giza eskubideen aldeko erakundeek Pakistango Inteligentzia zerbitzuei leporatu zieten Balochen heriotza. Tarek Fatahk Kanadan ezarritako kazetari eta Balochi asilo-prozesuan lagundu zionak, ekintzailearen heriotzan «Pakistanen papera» ikertzeko eskatu zuen, eta Justin Trudeau Kanadako lehen ministroari «herrialdea Pakistango inteligentzia-agenteengandik libratzeko» lan egiteko eskatu zion. Karima hil baino zortzi hilabete lehenago, Sajid Hussain balutxe kazetariaren gorpua ere uretatik atera zuten, Suediako ibai batetik oraingoan. Karlos Zurutuza kazetariak Baloch elkarrizketatu zuen GARArako 2015ean. Elkarrizketa horretan, Balochek azaldu zuen «etengabeko mehatxuak» jasotzen zituela eta, segurtasunagatik, aurpegia estali behar zuela manifestazioetan.