GAUR8 - mila leiho zabalik

Elikadura jasangarriago bat lortzeko gida argitaratu dute

EHUko Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko irakasle-ikertzaileek elikadura jasangarriago baterako gida argitaratu dute. Egin beharreko aldaketarako abiapuntu gisa planteatzen dute argitalpena.

Ezkerretik eskuinera, Itziar Eseberri, Leixuri Aguirre, Maria Puy Portillo, Miren Jimenez eta Helen Carr gidaren egileak. (Nuria GONZALEZ | UPV/EHU)

Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Farmazia eta Elikagaien Zientziak Saileko Elikadura eta Gizentasuna Ikerketa Taldeko eta CIBEROBN Sareko Ikerketa Biomedikoko Zentroko irakasle-ikertzaileek elikadura jasangarrirako gida berria egin dute: ‘Avanzando hacia una alimentación más sostenible’.

Laguntza dokumentu gisa planteatzen dute, «egin beharreko aldaketen abiapuntua ezartzeko eta, izenak dioen moduan, elikadura eredu jasangarriago baterantz pausoak emateko».

Gai konplexua da, «gainera, oraindik ere azterlan gehiago behar dira, gure elikadura ereduak ingurumenean duen inpaktua murrizteko moduari buruzko gomendio batzuk eman ahal izateko. Nolanahi ere, gure elikatzeko moduan aldaketa batzuk egin ditzakegu, helburu globlal horretan gure aletxoa jarri ahal izateko», esan dute ikertzaileek.

Haragiaren kontsumoaz

Pausoak emateko estrategia horretan, haragiaren kontsumoa murriztea da aipatzen den neurrietako bat. Azterlan batzuen arabera, gainera, oilasko edo indioilar haragiaren lehenetsi beharko genuke, «eta neurri txikiagoan, txerriarena, beste aukera batzuen aurretik (esaterako, txahala edo arkumea)».

Arrainari dagokionez, landare jatorriko elikagaiak bezain jasangarria ez izan arren, haragiaren kontsumoaren aurrean alternatiba ona izan daitekeela diote ikertzaileek, baita haragiaren ‘ordezko produktuak’ ere, «noizbehinka kontsumitzeko».

Landare jatorriko elikagaien kontsumoa da gomendatutakoa. «Landatzeak baliabideen gastu eta ingurumen inpaktu ezberdina» badu ere, «badirudi sasoiko eta gertuko elikagaiak» kontsumitzea lagungarriagoa dela, baita kostu ekonomiko gutxiagokoa ere.