GAUR8 - mila leiho zabalik

2023a, urte gazi-gozoa euskal presoentzat

Urte amaierako ale berezia Etxerateko kideekin hitz egiteko baliatu du GAUR8k. Sakabanaketaren amaierarekin pozik daude, baina oraindik lan handia egin beharko da korapiloa askatzeko.

Este navegador no soporta el elemento video.


Euskal preso politikoen urruntze eta sakabanatzea amaitu den urtea izan da 2023a. Senide eta lagunentzat aurrerapauso garrantzitsua izan da, euren egoera arindu duena, baina «motxila» astuna daramate, eta horri gehitu behar zaizkio sakabanatzea amaitutakoan aurre egin behar dieten oztopoak.

GAUR8k Etxerat elkarteko kideekin hitz egin nahi izan du balantzea egin eta aurretik etorriko diren erronken berri izateko. Zehazki, Gorka Garcia koordinatzaileari egindako elkarrizketa argitaratuko dugu larunbatean, nahiz eta bideoan Naroa Hernandezek hartu duen hitza.

«Konbentzituta gaude jendartearen gehiengo zabal batek uste duela arazo honekin amaitzen joan behar dugula, presoak kartzelatik ateratzeko bidea zehazten. Sakabanatzea zela-eta harekin amaitzea beharrezkoa zela oso modu zabal eta pluralean sozializatzen genuen bitartean, bagenekien fase hark halako zailtasunak ere izango zituela, eta ikusi ere egin genuen. Izan ere, ikur berria aurkeztu bezain laster, sare sozialetan eta zenbait hedabidetan zenbait ahots atera ziren inpunitatea eskatzen genuela esanez. Eta horrek inondik inora ez du islatzen bere egunean Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erabaki zuena, ohiko espetxe legearen bidetik jotzea, alegia. Horretan datza, hain zuzen, fase berria: presoak modu naturalean beren eskubideak berreskuratzen joan daitezen ohiko legearen bide horretako ibilbidean. Eta uste dugu ahalik eta gehien sozializatu behar dugula bide hori», argitu nahi izan du Gorka Garciak elkarrizketan.