GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Lurra gu gara’ emakume nezkazariei buruzko dokumentala eskuragarri dago sarean

Nekazaritzan aritutako emakumeei eskainia, sarean doan eskura daiteke Alex Urdiales zuzendariaren ‘Lurra gu gara’ dokumentala. Hiru atal ditu, eta emakumeek egindako lana ikusarazi nahi ditu, aitortza gisa.

Historian zehar emakumeek baserrian egin duten lana ikusarazi nahi du dokumentalak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

A Film to Kill For ekoiztetxeak, Floston Kultur Elkarteak eta Alex Urdiales zuzendariak hiru ataleko ‘Lurra gu gara’ dokumental laburra egin dute, eta dagoeneko ikusgai dago sare sozialetan eta Youtuben (@lurragugara), doan. EAEn nekazaritzan ari diren emakumeen bizitzak eta kezkak irudikatu nahi ditu, historian zehar nagusitu den eta gaur egun ere haien bizitzetan eragina duen genero desberdintasuna agerian utziz.

Lanaren arduradunek jakinarazi dutenez, ‘Lurra gu gara’ Seriesland Bilbao International Digital Festival jaialdiaren azken edizioan estreinatu zen, eta Lakuako Gobernuko Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza du, nekazaritzan aritzen diren emakumeak ikusarazteko egindako lanarengatik.

Historian zehar desberdintasun handiak egon dira arlo horretan, eta Getarian, Iurretan eta Atxondon filmatutako dokumentalak belaunaldi desberdinetako hiru emakume nekazariren lekukotzak biltzen ditu.

Dokumentalaren ideia originala Gipuzkoako Mugen Gainetik elkartetan jaio zen. Elkarte horrek hamarkada bat baino gehiago darama proiektu humanitarioetan lanean, eta genero desberdintasunetan jartzen du arreta.

Alex Urdiales zinemagilearekin bat eginda sortu zen ‘Lurra gu gara’, eta beste erakunde batzuen laguntza ere izan da, hala nola ikus-entzunezkoetatik kultura eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen laguntzeko lan egiten duen irabazi asmorik gabeko Floston elkartearena.

Dokumentalaren hiru atalen helburua emakumeek nekazaritzan egindako lan baliotsua nabarmentzea da, batez ere Euskal Herrian, bai gaur egun, bai historian zehar. Historian zehar egon diren desberdintasunak eta lurraren eta lanaren gaineko eskubidea lortzeko borroka erakutsi nahi dira.

Ahalduntzeko «alegatua»

Izan ere, nekazaritzako ustiategietan ohikoa izan da emakumeen lana familia laguntza deitutakoaren barruan sartzea. Laguntzaren izenak berak berekin dakar, berez, lana merkataritzakoa ez izatea, ustiategiaren titularrarekin eskubide berberekin partekatutako lan gisa ulertu ez izana; baina egoera horrek desagertu egin behar du, Emakume Nekazarien Estatutuak ezartzen duen bezala.

«Emakumeek landa inguruneetan bizi izan duten desberdintasun egoera, aurrean izan dituzten erronkak eta azken hamarkadetan izan dituzten lorpenak, eta tokikoa den zerbaiten bidez benetan unibertsala den borroka erakusten saiatu naiz», azaldu du Alex Urdiales lanaren zuzendariak.

Azken batean, dokumentalak landa eremuko emakumeak eta neskak mundu osoan ahalduntzeko «alegatua» izan nahi du, eta, besteak beste, beti gizonari mesede egin dion sistema patriarkala, emakumeen egungo desberdintasuna, nekazaritzako emakumearen ikuspegia, emakumeen artean elkartzeko beharra, emakumeak defendatzen dituzten legeak edo lurren gaineko jabetza falta jorratzen ditu.