GAUR8 - mila leiho zabalik

«Emakumeen ondoezaren sindromeari» aurre egiteko programa jarriko dute abian Laudion

Urtarrilaren 25ean, ‘Mamiak, sakon-sakon emakumea izatea’ programa abiatuko da Laudion, tristura, hutsunea, apatia edota beldurra bezalako sentimentuei aurre egiteko. Psikofarmakoen kontsumoa murriztu eta emozioen kontrola jorratu nahi du ekimenak.

Programa duela bi urte jarri zuten abian Laudion. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Laudioko Udaleko Gizarte Ekintza eta Gobernantza Feministako sailek ‘Mamiak, sakon-sakoneko emakumea izatea’ programa jarriko du abian, «emakumeen ondoezaren sindromea» tratatzeko tresnak eskaintzeko helburuarekin.

Udalak zehaztu duenez, duela bi urte sortu zen ekimena, lehen mailako arretako kontsultetara behin eta berriz tristura, hutsunea, beldurra, larritasuna, apatia edo «emakumeen ondoezaren sindromearen» barruan ulertutako hainbat somatizazio adieraziz joaten diren emakumeen prebalentzia handia ikusita.

Programaren helburua da «psikofarmakoen kontsumoa murriztea, autokontrol emozionala, trebetasun sozialak eta emakumeen babes sozialeko sareak hobetzea».

Guztira, hamabost talde-saio egingo dira, 10.00etatik 13.00etara, ostegunetan. Maria Angeles Becerro buru osasunean aditua den mediku psikoterapeuta eta psikodramatistak zuzendutako jarduera urtarrilaren 25ean hasiko da Lezeaga Aretoan (Lamuza, 17), gaztelaniaz emango den hitzaldi batean.

Udalak jakinarazi du parte hartu nahi duten emakumeek izena eman behar dutela, 944 034 850 telefono zenbakira deituta, eta saio guztietara joateko konpromisoa hartu behar dutela. Tailerraren edukiera 20 lagunentzat izango da guztira.