GAUR8 - mila leiho zabalik

Gabriel Aresti ipuin lehiaketan parte hartzeko deialdia ireki du Bilboko Udalak

Gabriel Aresti ipuin lehiaketak lanak aurkezteko epea zabaldu du bere XLI. edizioan. Hemezortzi urtetik gorakoei zuzenduta bi modalitate ditu deialdiak, euskaraz eta gaztelaniaz idatzitako lanentzat.

Aurreko edizio saridunak sari banaketarekin batera Gabriel Arestiri eginiko omenaldian. (Oskar MATXIN | FOKU)

Bilboko Udalak Gabriel Aresti ipuin lehiaketaren edizio berri baten deialdia zabaldu berri du. Hemezortzi urtetik gorako lagunei zuzenduta, bi modalitate ditu: euskaraz eta gaztelaniaz, eta kontakizunak aurkezteko azken eguna martxoaren 30a izango da.

Lehiaketaren XLI edizioa da aurtengoa. Udaletik gogoratu dutenez, literaturaren sorkuntza sustatzea da ekimenaren helburu nagusietako bat, baina horren ondoan, euskal literaturako egilerik adierazgarrienetako baten lana ezagutarazten ere lagundu nahi du.

Edozein naziotako idazleei zuzenduta, lehiaketak 3.500 euroko saria eta 1.750 euroko bi accesit banatuko ditu modalitate bakoitzean. Horrez gain, lehiaketaren lan irabazleak argitaratuak izango direla zehaztu dute.

Hamabost orri

Oinarriei dagokienez, azaldu dute ez direla onartuko aukeratutako hizkuntzetik kanpo itzulita dauden ipuinak, ezta lehendik sarituak izan diren kontakizunak ere. Zehaztu dutenez, hamabost orritakoa da lanen gehienezko luzera, kontuan hartuta Times New Roman edo baliokidean idatzita, 12ko neurria izan behar duela testuak eta 1,5eko tartekoa lerro bakoitzeko.

Ipuinak Bilboko webgunean aurkeztu behar dira www.bilbao.eus/arestilehiaketa atalean.

Oihane Fernandez Mendiaren ‘Ez esan hori’ eta Salvador Serrano Molinaren ‘Gluteos’ izan ziren aurreko edizioko lan saridunak.

Akzesitak Isidoro Calvo Lorenzoren ‘Pello Bertendonaren Kasu Zoragarria’ eta Amaia Iturriotz Etxanizen ‘Etxe-Tresnak’ euskarazko ipuinentzat izan ziren, eta Asun Garate Iguaranen ‘El hombre del carro’ eta Jose Quesada Morenoren ‘Lazos Familiares’ lanentzat, gaztelaniazko modalitatean.